2017ko
udal aurrekontuak martxoan onartzea “ezinezko” ikusten du EH Bilduk; are gehiago, lehen zirriborroa hil amaierarako izatea ere zalantzan jartzen du. Koalizioak dioenez, udal gobernuak adierazi zuen, martxoaren 1ean Ogasun Batzordea deituko zutela, eta bertan aurrekontu proposamena aurkeztuko zutela. Gaur gaurkoz, baina, ez dutela agindutakoa bete kritikatu du koalizio abertzaleak. Hori horrela,
udal gobernuaren aurrekontu porposamena noizko egongo den prest ez dakitela azaldu dute: “Ez dakigu aurrekontuak noiz eta nola landuko diren, ezta noiz onartuko diren, ezta zenbat denbora egongo den hura aztertzeko eta ekarpenak egiteko”.
Udal aurrekontuei buruzko EH BIlduren prentsaurrekoa, gaur goizean.
Gauzak horrela,
aurrekontuak, “beste behin, eta bederatzigarren urtez, alkatearen bulegoan prestatzen ari” direla salatu du EH Bilduk, “herritarren inongo esku hartzerik onartu gabe”.
Herritarrei parte hartzeko aukera ematea “tamalez, itxurakeria” bat izan dela kritikatu dute, “parte hartzeko jarritako baliabideak urriak eta ez nahikoak” izan baitira.
Udal aurrekontuak “era parte hartzailean” egin zitezen, plangintza bat adosteko deia egin zion EH Bilduk udal gobernuari duela hilabete bat inguru. Azken horrek, bere aldetik,
auzoetan egiten dituzten batzarren bitartez eta otsailaren 10etik 23ra udalaren webgunean jarritako galdetegi baten bitartez herritarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko asmoa erakutsi zuen. Koalizio abertzaleak, baina, galdetegi hori baino, herritarren iritzia benetan baloratzeko, beste baliabide batzuk jarri beharko liratekela deritzo, “parte hartzea informazio osoa izatea, proposamenak eztabaidatzea eta adostea delako”.
Hala ere, auzo batzarretako fitxak eta galdetegietako emaitzak ikusi eta elkarrekin lantzeko Ogasun Batzordea biltzeko eskatu zuen oposizioak. Dena den,
udal gobernuak, gaur gaurkoz, ez duela prozesu horren emaitzen berririk eman kritikatu du EH Bilduk: “Inork ez daki zenbat herritarrek bete duten galdeketea, ezta zeintzuk izan diren proposamenak, eta, are gutxiago, aurrekontuan txertatuko diren ala ez”.