Herritarrei arreta zuzena emango die Gernikak astelehenetik aurrera
Herritarrei Arreta Zuzena (HAZ) zerbitzua astelehenean hasiko da lanean. Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, herritarren eta udalaren arteko harremana “erraza eta egokiagoa” izatea du xede zerbitzu berriak. HAZen bertan, herritarrek kontsultak egiteko aukera izango dute, baita idatziak aurkezteko zein bestelako kudeaketak egiteko ere.
Administrazioa herritarrei hurbiltzeko tresna izan gura du HAZek, burokrazia arinduz modu garden eta arinean, udal arduradunek azaldu dutenez.
Arreta Bulegoak, beraz, gaur izango du azken eguna, eta orain arte herritarrek bulego horretan egiten zituzten kudeaketa guztiak aurrerantzean HAZen egin beharko dituzte. Era berean, 010 telefono zenbakira deituta ere kontsultak eta tramiteak egin ahal izango dituzte gernikarrek. Deia herritik kanpo eginez gero, 94-627 02 00 telefonora deitu beharko dute. Halaber, heritarren eskura izango da, baita, haz@gernika-lumo.net helbide elektronikoa.
HAZek herritarrei zerbitzua emango die astelehenetik barikura, 07:30etik 15:00etara (uda sasoian, 14:00etara).