Lurgorri auzo kultur elkarteak prozesu parte hartzailea hasiko du
Lurgorriko eskola gizarte etxe bilakatzeko proiektua auzoko denei erakutsi eta denen artean proiektu berria idaztea du helburu elkarteak, udalean aurkeztekoParte hartze prozesu bat abiaraziko du Lurgorri auzo kultur elkarteak. Auzoko bizilagunen beharr...
Lurgorriko eskola gizarte etxe bilakatzeko proiektua auzoko denei erakutsi eta denen artean proiektu berria idaztea du helburu elkarteak, udalean aurkezteko
Parte hartze prozesu bat abiaraziko du Lurgorri auzo kultur elkarteak. Auzoko bizilagunen beharrizanei irtenbidea ematea eta auzoari bizitasuna ematea du helburu elkarteak. Hori dela eta, martxoaren 5ean batzar irekia egingo dute. 11:00etan eskola parean bilduko dira, eta ahalik eta bizilagun gehienen parte hartzea bermatu gura dute.Elkarteko kide dira Azahara Martin Arias, Iker Ugarte Labaka eta Haritz Aramaio Bengoetxea. Azaldu dutenez, auzoa dinamizatu asmoz, hainbat jarduera egiten dituzte urtean. Hala, auzo elkarteak biltzeko gune baten beharra ikusi zuen, eta Lurgorriko eskola horretarako aproposa dela deritzote. Gainera, ume eta gazteak ere biltzeko gune izan daiteke eskola.
«Proiektu bat aurkeztu genion udalari, eta proiektu horretan elkartetik bultzatu nahi genuen ideia jaso genuen; hau da, gizarte etxe bat egitea eskoletan», dio Ugartek. Eskola belaunaldi ezberdinak batzeko gune legez jasotzen zuen haien proiektuak, baita proiektu horizontalak bultzatzearen ideia ere: «Sukaldaritza tailerra, argazkigintza tailerra, dantza taldea sortzea… Auzokoek sortu nahi dutena, baina denok batera, elkarregaz eta espazio bateratuan».
Proposamen horri udalak erantzunik ez zion eman, elkarteko kideek diotenez. Gaur egun, baina, eskolak zabalik daude. Hala ere, jubilatuek bakarrik dute gune hori erabiltzeko baimena.
Denentzako lekua
Auzo parte hartzailea gura du Lurgorri auzo kultur elkarteak. Hala dio Aramaiok: «Denentzako auzoa nahi dugu, ume, gazte eta nagusientzat». Eta martxoaren 5erako deialdia asmo horri irtenbidea eman asmoz egin dute. Lurgorri auzo kultur elkartea aurkeztu, elkartea zer den, orain arteko ibilbidea azaldu eta gizarte etxearen inguruan duten proiektua aurkeztu gura diete auzoko bizilagunei. «Lurgorriko bizilagunek gure proiektuari buruz duten iritzia jaso gurako genuke, beraien ekarpenak batu. Hala, denen artean proiektu berri bat idaztea litzateke helburua», Ugartek zehaztu duenez. «Auzotarren partetik zelako erantzuna dugun ikusi, eta proiektu bateratua adostuz gero, udalera joko genuke, proiektu berria aurkeztera», gaineratu du Aramaiok.
Izan ere, adinekoak batzeko gune bat beharrezkoa ikusten dute elkarteko kideek, baita eskola beraiek erabiltzeko ere izatea. Baina, diotenez, «pena bat» da eskolaren erabilera denen eskura ez egotea. «Gure proiektuaren barruan hasieratik jaso dugu nagusi, gazte zein umeentzako gune bat. Ez dugu zehaztu bakoitzak zein espazio hartuko zukeen, baina hori denen artean erabaki daitekeen zerbait da. Guretzat egokiena litzateke denak batera erabiltzea, baina egoki ikusiko ez balitz, espazioak banatu daitezke. Denentzako litzateke positiboa, eta irabazten aterako ginateke», azaldu du Aramaiok.
Erantzunik barik
Eskola erabiltzeko proiektua aurkeztu zutenean erantzunik ez izatea, eta parke berriaren inaugurazioan eskola adinekoen erabilerarako irekiko dutela jakinaraztea kritikatu du Martinek. Gogoratu duenez, sinadurak bildu zituzten auzoan, eta auzoan zeuden beharrizanak identifikatu. «Udalean proposamenak aurkeztu genituen, eta erantzuna izan zen ez zutela guk proposatuko ezer egingo», dio.
Elkarteak bere aldetik, eta parkearen erabiltzaile diren gurasoek bestetik, eskabidea egin dute udalean, eskola erabili ahal izateko eta parkean egoki ikusten zituzten aldaketak egiteko. «Gaur gaurkoz, erantzunik ez dugu jaso», esan du Martinek.
Orain, bileraren bat egiteko eskola erabili gura duten bakoitzean baimena eskatu behar izaten dutela zehaztu du Martinek: «Ongi etorria ez zaren ingurune bat inbaditzen dugun inpresioa daukagu. Tristea da horrela ibili behar izatea».