Zinema klasikoa Ikusgarriko pantaila handira itzuliko da
Zinema klasikoa berreskuratzeko asmoa dauka Zinemazaleen Elkarteak. Zehatzago esateko, zinemaren historiako pelikula mitikoak pantaila handian ikusteko aukera eskainiko dute.«Filmeotako batzuk entzunez ezagutzen ditugu bakarrik, beste batzuk telebista...
«Filmeotako batzuk entzunez ezagutzen ditugu bakarrik, beste batzuk telebistako formatu txikian ikusi ditugulako ezagutzen ditugu, eta gutxi batzuk, adina dutela arrazoi ezagutzen dituzte, aintzina zineman bertan ikusteko zortea izan zutelako», diote elkartekoek. Azken horiek bezala, gaurtik aurrera, baina, zinema klasikoa bere jatorrizko formatu handian ikusi ahalko du publikoak, berriro ere, Lekeitioko Ikusgarri aretoan.
Casablanca, Las uvas de la Ira, Rebecca, Solo ante el peligro, Ser o no Ser, Con la muerte en los talones, El ladron de bicicletas, El Padrino, El puente sobre el rio Kwai, El Verdugo, Dersu Uzala edo La Vida de Bryan eskainiko ditu Zinemazale Elkarteak, beste hainbat eta hainbat film esanguratsuren artean.
Hilero
Gaur, zine klubeko estrenaldian, Billy Wilderren maisulanetako bat emango dute: Con faldas y a lo loco komedia paregabea. Jack Lemmon, Tony Curtis eta Marilyn Monroe dira filmeko antzezlari nagusiak.
Zinema klasikoaren proiekzioak hilabete bakoitzeko azken eguenetan izango dira, 20:30ean. Sarrerak, berriz, 1,50 euro balioko ditu bazkideentzat, eta 3 euro beste guztientzat.
Zinemazale elkartekoek gogora ekarri dutenez, www.zinemazaleak.eus webgunean sartu, eta ikusi nahi luketen pelikula eska dezakete herritarrek.