Herritik hasi zen...
Herritik hasi zen kontu guzti hau. Orain zortzi bat urte, herrian agertu zen Lekitto Bizirik izena hartu zuen plataforma bat. Herri mugimendu bat zen, eta parte hartze zuzenaren inguruko aldarrikapena zen berea. Lekeitioren norantza pentsatu eta erabak...
Kalean ekimen ugari egin zituen. Pertsona grisak eta koloredunak margotu zituen, edo Aittitta Makurra bera jarri zuen etorkizun hurbil batean egin zitekeenaz berbetan. Horrekin batera, Herritarren Parte Hartzerako Protokoloa deitu izan zitzaiona ere bultzatu zuen herritarren ekarpenei esker. Eta garai hartako eragileak ez ezik, alderdi politiko guztien ekarpena jaso zuen idatzi hark, zuzenean zein zeharka.
Pasa den agintaldia hastearekin batera, herri ekimenez sortutako protokolo horrek jarritako haziak, ordenantza bilakatzeko aukera ikusi genuen udal gobernuan geundenok. Izan ere herri mugimendutik gentozen, eta batzuei udal ardurak hartzea tokatu zitzaigun. Baina ardura berri hori herrigintzatik egiten jarraituko genuela argi geneukan. Lehenengoz, Herritarren Parte eta Udal Antolakuntzarako Batzordea sortu zen. Protokoloa zena, udal funtzionamenduan arau bihurtzeko pausoak ematen hasi zen. Lehenengoz, erregulatu egingo ziren informazio eskuragarri eta erraza izateko jarri beharreko neurriak, harrera egoki bat izateko, kudeaketa publikoa gardentasun osoz kontrolatu ahal izateko baliabideak, aktiboki parte hartzeko egon beharreko espazio eta moduak, udal aurrekontu edo arau subsidiarioetan zuzenean parte hartzea posible egitea edo herri ekimenez kontsultak eskatu eta bideratzeko eskubidea.
Espiritu berarekin eraman genuen aurrera, herri batentzako tresna izateko espirituarekin. Horregatik, udaleko alderdi guztiek adostasun osoz onartzeko moduko arautegia idaztea jarri genuen helmugan, eta hala egin zen Parte Hartzeko Batzordean. Agintaldi bukaeran, testua onartu gabe zegoen oraindik, baina sartu berri zen EAJren gobernuak, konpromisoa mantentzeko ardura hartu zuen, eta hala izan zedin jarraitu dugu lanean.
Gaur arratsaldean, ezustekorik ezean, osoko bilkuran onarpena emango zaio Herritarren Parte Hartzerako Ordenantzari, aho batez. Pozik eta harro gaude gaur gerta daitekeenak esan nahi duenarekin. Pozik eta harro herritik egindako lanaren parte izan garelako. Udalean egiten den lana herrigintza dela uste dugulako. Eta horrela jarraituko dugu egiten. Herritik egiten den lana bera baita garaipena. Zorionak Lekeitio.