Ainhoa Etxebarria: «Luxua izan da Bilboko Arriaga antzokian antzeztea»
Aktore ondarrutarrak 'Romeo y Julieta' obra antzeztu zuen joan den astean Arriaga antzokian. Bi emanaldi eskaini zituzten, eta biak ere «oso ondo» atera zirela azaldu du EtxebarriakBilboko Pabellon 6 arte eszenikoen gunean sortutako Gazte Konpainiaga...
Aktore ondarrutarrak ‘Romeo y Julieta’ obra antzeztu zuen joan den astean Arriaga antzokian. Bi emanaldi eskaini zituzten, eta biak ere «oso ondo» atera zirela azaldu du Etxebarriak
Bilboko Pabellon 6 arte eszenikoen gunean sortutako Gazte Konpainiagaz, Ainhoa Etxebarria aktore eta kazetari ondarrutarrak Romeo y Julieta obra antzeztu zuen otsailaren 14an Bilboko Arriaga antzokian. «Arriagan antzeztea luxua izan da».Goizean ikastetxeei zuzendutako saioa eskaini zuten, eta arratsaldean publiko osoarentzat. Bi emanaldiak «oso ondo» atera zirela esan du Etxebarriak. «Martitzen bat izateko, jendeak oso ondo erantzun zuen bi saioetan arratsaldeko saioan 700 ikusle inguru egon ziren».
Etxebarriak dio ikasleek arreta handiz jarraitu zutela obra. «Harritu egin nintzen zer nolako arretagaz jarraitu zuten obra». Emanaldia amaitu eta gero, ikasleekin zuzenean berba egin zuten. «Horretan obrari buruz eta aktore profesioari buruz berba egin genuen. Izan ere, galdetu genien ea aktore izan nahiko luketen». Etxebarriak bere esperientzia pertsonala kontatu zien. «Non ikasi ahal duten eta abar kontatu genien. Nik esan niena da aktore izateko gogoagaz ez geratzeko».
Obrari dagokionez, Gazte Konpainiaren Romeo y Julieta obrak estereotipoak hausten dituela esan zieten ikasleek. «Eurek hori esan izanak harritu eta poztu egin ninduen». Izan ere, izatez, Romeo y Julieta obran aitak domeinuzko jarrera dauka. «Guk aitaren eta amaren paperak moldatu egin genituen; gurean ama da domeinuzko jarrera duena. Ikasleak horretaz konturatu ziren, eta poztekoa da!».
Antzokiari dagokionez, Arriagak errespetua ematen duela dio Etxebarriak. «Eta batzuetan urduritasunak ez dizu uzten momentua aprobetxatzen, baina kasu honetan nik gozatu egin nuen». Arriagako agertokia eurak ohituta dauden agertokiak baino handiagoa denez, moldaketaren bat ere egin zutela azaldu du. «Agertoki osoa hartzeko, mugimenduak eta abar moldatu egin genituen».