Bizkaiko Foru Aldundiak
arrano arrantzalea berreskuratzeko programarekin duen konpromisoa luzatu du.
2013an hasi ziren aipatu programa laguntzen; ordutik, 240.000 euroko inbertsioa egin du.
Aurten,
34.000 euroko diru laguntza emango du.
Arrano arrantzaleak. Argazkia: Urdaibai Bird Center
Aldundiaren laguntza ekonomikoari esker, programa hori 2017an ere garatuko ahalko da, Urdaibain aske utziko diren arrano arrantzalearen azken 12 kumeak gure lurraldera heltzen direnean.
Espezie honen berreskuratze prozesuak
hiru helburu dituela azaldu dute:
espeziea bera kontserbatzea, «oso erabilgarria baita ekosistemaren egoera ebaluatzeko eta neurri zuzentzaileak ezartzeko»;
ingurumen-hezkuntza bultzatzea, «arrano arrantzaleak biodibertsitatearen kontserbazioaren inguruan sentsibilizazioa sustatzen laguntzen duelako»; eta,
ekoturismoa sustatzea.
48 ale askatu. Helburuak lortu aldera,
bost urteko epean, gutxienez, arrano arrantzalearen 60 ale aske uztea erabaki zen, Europako beste herrialde batzuetan burutu diren antzeko beste proiektuek izandako esperientzia kontuan izanik. 2013an programa martxan jarri zenetik gaur egunera, berriz,
48 ale askatu dituzte Urdaibaiko Biosfera Erreserban. Horiek guztiak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eskoziako Gobernuaren arteko lankidetza hitzarmen bati esker heldu dira Bizkaira. Aranzadi zientzia elkartearekin aldez aurretik sinatutako hitzarmenari gorputza emateko erdietsi zuen aldundiak aipatu hitzarmena; Aranzadi hasi baitzen arrano arrantzalea berreskuratzeko programa garatzen, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center zentroaren kudeaketaren bitartez.
Jakinarazi dutenez,
iaz, lau arrano arrantzale itzuli ziren Urdaibai Biosfera Erreserbara. Modu horretan, lehenengo bikote ugaltzaileak laster sortuko direla aurreikusten dute.