Amorotoko eskolak aipamen berezia jaso du Aztertu Sarietan
Eskolak 20 urtez ingurumenarekiko erakutsitako konpromisoa saritu dute. Gernikako San Fidel ikastolako Amets Aranazek saria jaso du Azterkosta programaren argazki digitalen ataleanEusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak Aztertu programaren sariak banatu ...
Eskolak 20 urtez ingurumenarekiko erakutsitako konpromisoa saritu dute. Gernikako San Fidel ikastolako Amets Aranazek saria jaso du Azterkosta programaren argazki digitalen atalean
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak Aztertu programaren sariak banatu ditu. Amorotoko eskola izan da sarituetako bat. Azken 20 urteetan programa lantzeagatik, eta horrenbestez, ingurumen arloan erakutsiko konpromisoagatik, aipamen berezia eman diote. Haregaz batera, Easo Politeknikoak eta Martinez Sacristan familiak egindako jardunek jaso dituzte aipamen bereziak.Aztertu Programaren barruan, Azterkosta eta Ibaialde programak lantzen dituzte Amorotoko ikasleek.
Lehenengoa Ispasterko Ogellako hondartzan burutzen dute, eta han uraren kalitatea neurtzeko eta bertako ekosistema aztertzeko zenbait laginketa egiten dituzte. «Urriaren 31n egin genuen azkenengoa. Eskola txikia garenez, Lehen Hezkuntzako ikasle denek parte hartzen dute. Haiek oso ondo ezagutzen dute ingurua, eta oso gustura egoten dira. Asko gozatzen dute», azaldu du Garbiñe Fernandez de Arroiabe irakasleak.
Beste alde batetik, Ibaialde programa herrian bertan lantzen dute. Sekuoia zuhaitzak dauden ingurura joan, eta hango errekan hartzen dituzte laginak. «Teorian ikasten dutena praktikan jartzeko aukera ematen diete, eta asko ikasten dute».
Era berean, Haur Hezkuntzako ikasleekin haientzat prestatutako unitate didaktikoa ere lantzen dute.
Zapatuan Donostiako Aquariumean banatu zituzten Aztertu Sariak, eta Amorotoko ia ikasle guztiak egon ziren sari banaketa ekitaldian. Jasotako sariak programa lantzen jarraitzeko «gogoa» areagotzen diela azaldu du Fernandez de Arroiabek. «Saria jasotzea oso garrantzitsua izan da umeentzat».
Argazki lehiaketa
Amorotoko eskolaren eta bertoko eskualdeetako beste zenbait ikastetxetan moduan, Aztertu programaren barruan Azterkosta programa aspalditik lantzen dute Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolan ere, eta oraingoan Lehen Hezkuntzako 3. mailako 54 ikasleren argazki bana bidali zituzten argazki lehiaketara.
Amets Aranaz ikaslea izan da bere kategorian irabazlea. Argazkian Aranaz eta gelakide bat agertzen dira salabardo bategaz arroka artean.
«Azaroan landu genuen programa. Egun batean Mundakara joan eta bertan atera genituen argazkiak. Horregaz batera, uraren kalitatea aztertzeko laginketa burutu genuen, eta zaborra batzen ere ibili ginen», zehaztu du Itxaso Garteizaurrekoa San Fidel ikastolako irakasleak.
Zortzi-hamar urte dira San Fidelen Azterkosta programa lantzen dutena, eta oraingoan irudiak ere egin zituzten, baina bakarrik argazkiak bidaltzea era- baki zuten.
Izan ere, marrazki eta argazki digitalen ataletan lehiaketa bana egiten dute adinaren arabera hiru kategoria daude bietan.
Zapatuko Donostiako ekitaldian Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak programan parte hartu duten ikasleek erakutsitako ingurumen-konpromiso handia nabarmendu zuen: «Etorkizun hobe, iraunkorrago eta ingurumenaren aldetik errespetutsuago baten promesa dira, eta euskal gizarteak klima-aldaketaren aurka eta gure ingurune naturalaren babesaren alde daukan inplikazioaren adierazgarri».
Zapatuan jakitera eman zutenez, 2016an 23.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten Aztertu programan.
Horiek itsasertzaren eta ibaien tarteetako laginak hartu edota prestakuntza-irterak egin zituzten, Lehen Hezkuntzarako material espezifikoak eskatuta edo lehiaketetan parte hartuta.
Esate baterako, marrazki eta argazki digitaleko lehiaketek onarpen handia dute haurren artean, eta 3.750 lan bildu dituzte joan den urte honetan.