Aztertu Programan parte hartu duten ikasleen artean banatu ditu aipatu sariak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak.
Gure eskualdeetako beste zenbait ikastetxetan moduan, Aztertu programaren barruan Azterkosta programa aspalditik lantzen dute San Fidel ikastolan, eta oraingoan Lehen Hezkuntzako 3. mailako 54 ikasleren argazki bana bidali zuten.
Aranazen argazki saritua.
Argazkia: San Fidel Ikastola.
“Azaroan landu genuen programa. Egun batean Mundakara joan eta bertan atera genituen argazkiak. Horregaz batera, uraren kalitatea aztertzeko laginketa burutu genuen, eta zaborra batzen ere ibili ginen”, azaldu du Itxaso Garteizaurrekoa San Fidel ikastolako irakasleak.
10 urtez azpikoen kategoriako irabazlea da Aranaz, eta haren argazkian Aranaz bera eta gelakide bat agertzen dira salabardo bategaz arroka artean.
Zortzi-hamar urte dira San Fidelen Azterkosta programa lantzen dutena, eta oraingoan irudiak ere egin zituzten, baina, bakarrik argazkiak bidaltzea erabaki zuten.
Izan ere, marrazki eta argazki digitalen ataletan lehiaketa bana egiten dute ( bietan adinaren arabera hiru kategoria bereizten dira).
Bestalde, Amorotoko Eskolak, Easo Politeknikoak eta Martinez Sacristan familiak sari bereziak jaso zituzten.
Zapatuan Donostiako Aquariumean banatu zituzten Aztertu Sariak, eta Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak programan parte hartu duten ikasleek erakutsitako ingurumen-konpromiso handia nabarmendu zuen: “Etorkizun hobe, iraunkorrago eta ingurumenaren aldetik errespetutsuago baten promesa dira, eta euskal gizarteak klima-aldaketaren aurka eta gure ingurune naturalaren babesaren alde duen inplikazioaren adierazgarri”.
2016an 23.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten Aztertu programan. Horiek itsasertzaren eta ibaien tarteetako laginak hartu edota prestakuntza-irterak egin zituzten, Haur Hezkuntzarako material espezifikoak eskatuta edo lehiaketetan parte hartuta. Esate baterako, marrazki eta argazki digitaleko lehiaketek onarpen handia dute haurren artean, eta 3.750 lan bildu zituzten iaz.