'Fenix 11:23' filma ikusteko aukera egongo da bihar, doan
Filmazpit euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programaren baitan, Fenix 11:23 film katalana eskainiko dute bihar Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan; 19:00etan izango da, eta doako saioa izango da.
Joel Joanek eta Sergi Larak zuzendutako fila da. Benetako gertaera batean oinarrituta dago; Katalunian, 2004an gertatutakoa. 2012. urtean estreinatu zen filma, eta boterearen gehiegikeria eta hizkuntza gutxituak gaiak lantzen ditu, hain zuzen ere.
96 minutuko filma da, eta jatorrizko hizkuntza katalana eta gaztelera dira. Hala ere, Bermeon euskarazko azpitituluekin eskainiko da.
Udako amodio bat filmagaz iritsi zen urtarrilean Bermeora Filmazpit euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa. Biharkoa, bigarren saioa izango da.
Filmazpit euskerazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa Donostia Kulturak kudeatzen du Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren laguntzarekin. Filmazpit programak, Euskadiko eta kanpoko hainbat zinemalditan, jorratzen dituzten gaiengatik interesgarriak diren filmak hautatzen ditu, euskaraz azpititulatu eta katalogoan sartzeko.