Denboraldi bikaina ari da egiten Erik Mendizabal
Erik Mendizabal aurrelari mutrikuarra erraz nagusitu da orain arte Floridako (Ameriketako Estatu Batuak) Dania Jai Alai pilotalekuan jokatu diren norgehiagoetan. Puntista mutrikuarra, hain zuzen ere, denboraldi bikaina egiten ari da; 72 kiniela irabazi...
Urtea hastearekin batera hasi zen Denboraldiko Txapelketan (Championship Season) jaun eta jabe da mutrikuarra, bai bakarka bai eta bikoteka ere. Apirilaren erdialdean amaituko da txapelketa, eta horrela jarraituz gero, Hiruko Koroa irabazteko aukera asko dituela jakitera eman dute Jai Alaiko ordezkariek. «Pilotari bikaina da, eta are gehiago kinieletarako, bere erregulartasunagatik, iraunkortasunagatik eta hainbat jokotan erakutsi duen nagusitasunagatik. Denboraldiko Txapelketa amaitzeko bi hilabete falta badira ere, beste Hiruko Koroa sari bat irabazteko bidean dago mutrikuarra».
Alde nabarmena
Mendizabalek beste jokalariekiko alde nabarmena lortu du, 72 kiniela irabazita. Sailkapen nagusian bigarren, berriz, Iñaki Urbieta zumaiarra doa, 47 garaipen lortuta. David Iturbide hirugarren da 46 garaipenekin, eta Unai Lekerikabeaskoa eta Iñigo Gorostola Arrieta laugarren eta bosgarren postuetan daude, hurrenez hurren, 42 kiniela irabazita.
Banakako Txapelketan (Singles Championship) ere lehen postuan dago Mendizabal, 15 garaipen lortuta. Aimar Aldazabal berriatuarra ere joko ederra ari da erakusten, eta bigarren doa bederatzi garaipen lortuta. Hirugarren, berriz, Jon Zulaika doa, zortzi garaipen lortuta.
Bikotekako txapelketan ere, mutrikuarra aurrelari onenen artean dago; 16 garaipen lortu ditu bikoteka. Atzetik Zulaika eta Jairo Baroja daude, sei garaipenekin.
Atzelarien artean, berriz, lehia berdinduago dago. Momentu honetan atzelaririk onena Mikel Amigorena da, zortzi kinielarekin. Atzetik dira Alberto Ochoa eta Iñaki Garcia, hurrenez hurren, zazpi kinielarekin.