Berrikuntza proiektuari ON Bizkaia saria jaso du Egoinek
Beaz foru-sozietateak urtero antolatu ohi duen Bizkaia Enpresa topaketetan 400 enpresa txiki eta ertain bildu dira. Seigarren topaketak antolatu dituzte aurten, eta Bizkaia On sariak emateko ere aprobetxatu dute. Hain zuzen, beren lanarekin jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen lagundu duten enpresa txiki eta ertainetako batzuek jaso dituzte sariok.
Hala, Electrorecycler, Permar, Bancook Design Chambre, Irrintzi soluciones adaptadas eta Euskal Kirol Apostuak-ekin batera, Natxituako (Ea) Egoin enpresak jaso du 2017ko Bizkaia On saria. Berrikuntza proiektuaren saria irabazi du, hain justu, bertoko enpresak.
Egoinek arkitektura proiektuetarako zurezko eraikuntza eta konponbideak eskaintzen ditu, eta bertoko lehengaietan oinarrituta produktu propioa garatuz, hazkunde jasangarriarekiko konpromisoa erakutsiz eta ekoizpenerako teknologian inbertituz, etengabe berritzen aritzen direla aipatu du aldundiak. “Proposatzen dituzten zurezko konponbide aurreratuak oso estimatuak dira, beren balio erantsi eta kalitatearengatik eta ohiko eraikuntzako materialen aldean aukera lehiakorra direlako”.