Arantza Zuluetaren egoerak okerrera egin duela ohartarazi dute
Epaiaren ondoren ere, Zuluetak bakartuta jarraitzen duela salatu du bere abokatuak. Arantza Askatu plataformakoek esku hartzeko eskatuko diete Arartekoari eta LegebiltzarrariAlfonso Zenon abokatuak ohartarazi duenez, Arantza Zuluetaren egoerak okerrera...
Epaiaren ondoren ere, Zuluetak bakartuta jarraitzen duela salatu du bere abokatuak. Arantza Askatu plataformakoek esku hartzeko eskatuko diete Arartekoari eta Legebiltzarrari
Alfonso Zenon abokatuak ohartarazi duenez, Arantza Zuluetaren egoerak okerrera egin du azken egunotan. Zenonek salatu duenez, Puerto III espetxean (Cadiz, Espainia) bakartuta jarraitzen du Zuluetak.Orain hiru aste aitortu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegiak patio denboran beste preso batzuekin egoteko eskubidea urratu zaiola presoari, baina epaiaren ondoren ere, berdin-berdin jarraitzen du ziega barruan egunean 20 ordu pasatzen, bakarrik.
Zenonek azpimarratu duenez, orain beste bi presorekin erabili behar du patioko espazioa 13?5 metro, eta goialdea sarez itxita. «Epaiagaz ez da ezer aldatu: bakartze moduluan eta egoera berean jarraitzen du». Helegitea aurkeztu dute autuaren aurka. Eta Auzitegi Nazionalari Zulueta aska dezala ere eskatu diote.
Era berean, Espetxe Zaintzako epailearen autoa datu faltsuetan oinarritzen dela salatu du Zenonek. «Ukatu egiten du bakartze modulu batean dagoela ere».
Berez, kartzelara bisita egitera joateko eskatu zion epaileari Zuluetaren defentsak, edo haren ordezkari bat bidaltzeko bestela, baina ez du halakorik egin, eta espetxearen arduradunek bidalitako txostenari bakarrik egin dio jaramon. Eta txosten hori «gezurrez beteta» dagoela esan du abokatuak.
Babes bila
«Gero eta argiago dago erabaki politiko bat dela hau», adierazi dute Arantza Askatu plataformako kideek. «Mendeku hutsa da».
Aurrera begira ere Zuluetaren alde babesak biltzen jarraituko dutela ere azaldu dute plataformako kideek, eta esku hartzeko eskatuko diete EAEko Arartekoari eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeari.
Bide beretik, egoeraren larritasuna azpimarratu du haren abokatuak. «Arantza indartsua da, baina dagoen egoeran edozein momentutan egin dezake buruak krak, eta hasi dira gauza batzuk agertzen». Begi batean arazoak dituela aipatu du, esate baterako.
Bakartzea eusteko presioak
Informazio bilera asko egin dituzte abokatuekin Zuluetaren aldeko plataformako kideek, eta, Zenonek dioenez, lege arloan aritzen den jendeak ez du ulertzen Zuluetagaz gertatzen ari dena. «Egoera hau bere horretan mantentzeko presioak daude, bestela ez baita ulertzen zelan mantendu daitekeen bakartze egoera hiru urtez epaiketaren zain».