121 aparkaleku berri eraikiko ditu udalak Tiloen pasealekuan
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, 121 aparkaleku berri eraikiko dituzte laster Tiloen pasealekuan, Santa Anako aparkalekua eta Urbietako kirol gunea batzen dituen zubitik gertu.Gune horretatik «argiaren, telefonoaren eta gasaren kableak eta ber...
Gune horretatik «argiaren, telefonoaren eta gasaren kableak eta bertako instalazioak kendu bezain pronto» hasiko ditu lanak udalak. Gaur egun leku horretan dagoen etxea eraitsiko du udalak, hala, eremu «libre eta laua» utziz. Horretarako, eraikina botatzeko lanen zerbitzua esleitu dute, eta gastua ere zehaztu dute: 97.300 euro.
Aurreikusitakoaren arabera, guztira, 211.000 euroko gastua izango dute lan horiek, eta apirilaren bukaerarako edo maiatzaren hasierarako bukatu nahi dituzte.
Herriko alkate Jose Maria Gorroñok azaldutakoaren arabera, «herritar ugari ibiltzen da Tiloen pasealekuan, batez ere, asteburuetan; izan ere, lagun asko joaten dira Urbietako zelaietara partidak ikustera edota jokatzera».
Badago aparkaleku bat gune horren inguruan; hain zuzen, 120 leku dituena. Handik gertu dago, berriz, Santa Anakoa, 300 ibilgailu baino gehiagorentzako lekua duena. Eta herriko beste hainbat lekutan daude TAO sistema ez erabiltzea ahalbidetzen dutenak: Idigan (65 leku), Zallo hilerrian (59 leku), Lorategietan (59 leku), Zigerta-Zearretan (160 leku), Mestikabason (240 leku) eta Astran (260 leku).