Ongi etorri errefuxiatuak Bizkaia plataforma ekimen berezia antolatzen ari da apirilaren 29rako; aurten, Gernika bonbardatu zutela 80 urte beteko baitira. Batetik, Errefuxiatuekin elkartasunerako nazioarteko topaketa antolatuko dute, eta, bestetik, Tipi-Tapa, Tipi-Tapa errefuxiatuen alde ekimena. Apirilaren 29ean eta 30ean, jendetza batu gura dute Gernikan.
Ongi etorri errefuxiatuak Gernika 2017 aurkezpenera bertaratutako zenbait lagun
Tipi-Tapa, Tipi-Tapa errefuxiatuen alde ekimenaren baitan, apirilaren 29an, oinez zein bizikletaz, Euskal Herri osotik Gernika-Lumora helduko diren jende zutabeak mobilizatu gura dituzte. 5.000 lagun inguru batzea aurreikusi dute. Horiek guztiak, puntu batean batuko dira, ziurrenik, Muxikan, eta, ondoren, elkarrekin, denek batera Gernika-Lumora sartuko dira; 17:00etan iritsiko dira Pasilekura.
Gaurko batzarran zutabeak antolatzen ibili dira, beste hainbat gauzaren artean. Hala, herri ezberdinetako jendea egon da Astrako batzarrean. Gernika-Lumo, Elantxobe, Mungia, Markina-Xemein edota Lekeitioko jendea egon da, bai eta Gipuzkoa eta Arabako batzuk ere, euren ibilbideak zehazten joateko.
Gaurko parte hartzaile guztiak
Nati Ovelleiro Ongi etorri errefuxiatuak Bizkaia plataformako kideak azaldu duenez, “Esaterako, Bilbotik oinez aterako den jendea, apirilaren 28an, barikuan, aterako da, 16:00ak aldera. Herri ezberdinetako jendea batzen joango dira bidean eta Larrabetzun egingo dute lo. Apirilaren 29an, 10:00etan aterako dira Larrabetzutik. Morga gainean batuko gara Mungia ingurutik datorren jendearekin, eta Muxikan bazkaldu ostean, 16:00etan Gernikarantza abiatuko gara”. Helburua, hortaz, zonalde guztietako jendea ordu horretarako Muxikan egotea izango litzateke.
Bilbotik, oinez ez ezik, txirrinduz aterako den zutabea ere badagoela azaldu du Marta Abiega Ongi etorri errefuxiatuak Bizkaia plataformako kideak. Horiek zapatuan bertan aterako dira Bilbotik. Basauri eta Galdakaotik igaroko dira eta bertako herritarrak batzen joango dira. Erletxen, Durango eta inguruetatik datorren jendearekin batuko dira Morgara joateko. “Oraindik lanean ari bagara ere, Ezkerraldetik eta Getxotik beste zutabe bat ateratzea espero da, Mungiakoekin batera, Morgan batuko ginateke. Handik, Muxikara jaistea da asmoa, beste guztiekin Gernikara joateko”, esan du Abiegak.
Oinez zein txirrinduz egiteko ibilbideak politak direla eta, jendea animatzen dute parte hartzera, “berezia izango baita”. Jendea “parte hartzeko asmoagaz” dagoela dio Ovelleirok: “Orain arte zuzendu garen guztiei baietza eman digute, beraz, parte hartze handia espero dugu”.
Errefuxiatuekin elkartasunerako nazioarteko topaketa den heinean, Euskal Herriko jendeaz gain, Espainiatik eta Europatik ere jendea etorriko dela esan du Ovelleirok. Topaketa “oso garrantzitsuak” izango dira. Topaketa zabala izango da, gainera, “maila guztietarako ekitaldiak antolatuko ditugu”.
Apirilaren 30erako, domekarako, berriz, tailerrak atolatu gura dituzte. Euskal Herritik zein estatuko leku ezberdinetatik etorritako lagunak aipatu tailerretan batzea eta gai ezberdinen inguruan hausnartzea dute helburu. Hala, goizerako, bost tailer antolatuko dituzte: emakumea, gerrak, arrazismoa eta xenofobia, ekologia eta kapitalimoa landuko dituzte. Arratsaldean, berriz, esperientzien trukaketa egin gura dute. 500 lagun ingururen parte hartzea espero dute tailerretan.
Oraindik, baina, egitaraua zabalik dagoela nabarmendu dute, eta, jendearen ekarpenak entzuteko prest agertu dira.
Ongi etorri errefuxiatuak Gernika 2017 bideoa grabatzen
Ongi etorri errefuxiatuak Gernika 2017 ekimena bultzatzeko bideoa grabatzeko deia ere zabaldu zuten gaurko. Beltzez edo arropa ilunarekin jantzita joateko deia egin zuten, eta hala hurbildu dira. Inguruko herri ezberdinetatik etorritako 100 lagun inguruk bat egin dute deialdiagaz.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.