'Txirrikorrika', euskararen aldeko 'lip dub' ikusgarria
Txirrimorraski Ondarroako denbora libre taldeak Gabonetako irteera luzean 20. Korrikaren abestiagaz egindako bideoak arrakasta handia eduki du. Egun gutxitan, 4.000 ikustaldi baino gehiago eduki ditu.Ondo pasatu, askotariko baloreak barneratu eta euska...
Txirrimorraski Ondarroako denbora libre taldeak Gabonetako irteera luzean 20. Korrikaren abestiagaz egindako bideoak arrakasta handia eduki du. Egun gutxitan, 4.000 ikustaldi baino gehiago eduki ditu.
Ondo pasatu, askotariko baloreak barneratu eta euskararen aldeko ekintza berezia egin. Hori da Ondarroako Txirrimorraski denbora libre taldeko kideek Gabonetako irteera luzean egin zutena. 20. Korrikaren Zirkorrika abestiagaz Txirrikorrika lip dub-a egin zuten taldeko begirale eta umeek, eta sare sozialetan sekulako arrakasta eduki dute.Abenduaren 26tik 29ra Bidartera (Lapurdi) joan ziren Txirrimorraskikoak. «Irteera luzeko plangintza egin genuen, eta gai orokorra musika zenez eta 20. Korrikaren abestia aurkeztu berri zutenez, erabaki genuen lip dub-a egitea», azaldu du Joseba Ugarte Azpiri Txirrimorraskiren begiraleetako batek.
Irteera luzeko bigarren egunean grabatu zuten bideoa. «Zortzi talde egin genituen, eta talde bakoitzak bere zatia landu zuen. Gero, lau grabaketa saio egin genituen; uste baino hobeto atera zen». Lau grabaketa egin bazituzten ere, guztiak ondo zeudela esan dute.
Bideoaren arrakasta
«Egunean bertan, gauez, taldeko umeei bideoa erakutsi genien. Emaitzagaz gustura geratu ziren, eta emozionatu egin ziren». Oro har, egun polita izan zela esan dute Txirrimorraskikoek.
Bideoa asteon sare sozialetan zabaldu du Txirrimorraskik. Eta ikustaldi asko eduki ditu; atzora arte, 4.104 ikustaldi zituen.
Ekintzaren arrakasta ikusita, hurrengo irteera luzean ere antzerako zer edo zer egitea aurreikusi dute.