Erronka bete dutela ospatzeko
Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-ren kideek deituta, jai giroan ekitaldia egingo dute etzi, Berriatuan. Beharrezkoa den sinadura kopurua lortu dutela ospatuko duteLea-Artibaiko Gure Esku Dago dinamikaren kideek ospakizuna prestatu dute zapatu honetarako. B...
Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-ren kideek deituta, jai giroan ekitaldia egingo dute etzi, Berriatuan. Beharrezkoa den sinadura kopurua lortu dutela ospatuko dute
Lea-Artibaiko Gure Esku Dago dinamikaren kideek ospakizuna prestatu dute zapatu honetarako. Berriatuan batuta, behar dituztenak baino sinadura gehiago lortu dituztela ospatzeko eguna izango da.Sinadura bilketa abenduaren 2tik otsailaren erdialdera egin dute; herri batzuetan dagoeneko amaitu dute, eta beste batzuetan azkenak batzen ari dira egunotan. Helburua bete dute, eta eskualdean zein herririk herri lortutako kopuruak ezagutzera emango dituzte Berriatuan.
Eskualdeko herrietatik oinez, bizikletaz edota auto karabanaz hurbilduko dira herritarrak Berriatuako plazara, eta asmoa da 12:30erako denak ailegatzea.
Eneko Arrate markina-xemeindarra ariko da aurkezpen lanetan, eta Saioa Lopez eta Asier Txakartegi berriatuarrak izango dira ekitaldi nagusiko hizlariak. Horiek irakurriko dute zapaturako beren-beregi prestatuko testua, eta, besteak beste, lortutako sinadura kopuruaren berri emango dute.
«Txosna bat ere muntatuko dugu, pintxoak ere prestatuko ditugu, eta eguerditik musikaz girotuko dugu plaza», azaldu dute Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-ren ordezkariek.
Era berean, Xabat Galletebeitia lekeitiarra eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra bertsotan ariko dira.
Horrela, jai giroan ospatuko dute hasieran jarritako helburua bete dutela: «Jarri genuen erronka lortu dugula ospatzeko eguna izango da». GED-ren kamiseta eta zapiekin bertaratzeko deia luzatu dute.
Galdera bakarra adosten
Hurrengo pausoa martxoaren 11ra bitartean herritarrekin galdera adostea izango da. Horretarako, herriz herri batuko dira lehenengo, eta gero, herrietako ordezkariak elkartu, eta galdera bakarra adostuko dute denen artean.
«Herri bakoitzak bere formatuan egingo du; beraz bakoitzak erabakiko du zelan egin eta deialdiak noiz egin. Eskualde guztia galdera bakarragaz joango gara, eta apirilaren 8an Ondarroan egingo dugun ekitaldian jakitera emango dugu».
Eskualdeko herritarren parte hartzea zabala izan da orain arte, eta aniztasun hori zapatu honetan ere irudikatzea espero dute.
Bideoa argazkiekin
Horregatik, Berriatura joateko deia luzatu du GED-k: «Zenbat eta jende gehiago etorri, gusturago egongo gara. Jende guztia animatzen dugu ospatzera etortzeko. Galdeketara bagoaz, sinadurak batzea bete beharreko pausoa zen, eta ondo eta erraz lortu ditugula ospatuko dugu».
Beste alde batetik, herriz herri burutu dituzten ekitaldien zein sinadura bilketen irudiekin ikus-entzunezko bat egin dute, eta asteon sare sozialen bidez zabalduko dute.
Argazkien bideoan islatu dute herririk herri zelako parte hartzea egon den. «Berriatuan erakusteko asmoa geneukan, baina iluntasun apur bat behar duenez ez litzateke ondo ikusiko, beraz, sare sozialen bidez zabalduko dugu».