Zaletasunetik abiatzen den festibalak arrakasta handia izan du aurreko urteetan, eta modu berean jarraitzeko asmoz aritu dira antolaketa lanetan musikaren arloko hainbat lagun. Musika “maite” dutelako antolatzen dute Lekuek festibala; hala, herritarrak musika mundu horretan murgiltzea izaten da beraien asmoa. Horretarako,
“musika entzun, dantzatu, ikasi eta bizitzeko” aste beteko egitaraua ekarriko dute aurten ere.
Tamainaz festibal txikia bada ere, handia eta anitza da beste zentzu askotan. Merkatuaren “logiketatik kanpo dagoen festibal” moduan ere definitzen dute antolatzaileek.
Txiki zein handi,
hamaika leku, kontzertu, jarduera, pertsona, eragile, elkarte, txoko zein taberna biltzen ditu urteroko hitzorduak. Herrian giro ona sortzeko eta musikagaz gozarazteko musika emanaldiak baino gehiago ekarriko ditu Lekuek-ek: besteak beste, zine-kluba, tailerrak, argazki erakusketa, hitzaldiak, disko azoka eta antzerki musikatua.
Aurreko hiru urteetan argazki erakusketa bat egin izan dute herriko tabernetan;
aurten, baina,
Errenteriako (Gipuzkoa) Juxe Areta Goñik hainbat urtetan zehar Euskal Herrian egindako kontzertuetan ateratako argazkiak jarriko dituzte bistara Elai-Alai aretoan eta Astran jarriko duten erakusketan.
Kontzertuei dagokienez, ezagun eta ezezagunak ikusi eta entzungo ditu herritarrak;
Euskal Herrikoak, Espainiakoak zein nazioartekoak.
Gustu, estilo eta publiko anitzari erantzungo dieten musika emanaldiak izango dira aukeran; guztira, ia 30 kontzertu.
Horien artean, The Nick Moss Band nabarmendu dute antolatzaileek, “Gaur egungo blues ahotsik onenetarikoa baita”. Blues music awards ospetsuetan, hamasei sari dituela, eta aurten ere, hiru izendapen (album onena, bandarik onena eta gaur egungo blues albumik onena) dituela jakitera eman dute festibalaren arduradunek.
Horrez gain,
Guadalupe Plata, Capsula, Last fair deal eta Sumision City Blues bezalako taldeak ere izango dira Gernika-Lumon, martxoaren 11tik 19ra bitartean.
Aipatu kontzertu eta askotariko ekimenek taberna ezberdinetan (Arima, Aterpe, Irrintzi, Lagun-etxea, Ospa, Zaplast, Zeppelin, Zuhaitzpe, Arrano Kultur-Etxea, Musutruk edo Revolution) eta kultura arloko beste hainbat txokotan (Astra, Iparragirre Rock, Trinkete anti-txokoa eta Lizeoa) hartuko dute toki.
Aste osorako bonoak, salgai
Aurreko urteetan legez, banakako sarrerez gain,
aste osorako bonoak jarri gura izan dituzte musikazaleen eskura. Banakako sarrerak aurrerago salduko dituzten arren, bonoak eskuragarri dira dagoeneko interesa dutenentzat. Hain justu,
25 euroren truke jarri dituzte salgai, eta Gernika-Lumoko
Arima tabernan zein Astra kulturarako fabrika sozialean eros daitezke. Halaber,
Internet bidez ere (http://bibe.me) badago bonoak erosteko aukera.
KONTZERTUAK:
- Guadalupe Plata
- Sumision City Blues
- Cabezafuego
- Kepa Junkera
- Ruper Ordorika
- Solea Morente
- Inoren ero ni
- Luma
- Last Fair Deal
- Capsula
- Guda Dantza
- The Kinky Coo Coo’s
- Mud Candies
- The Nick Moss Band
- Makala Descarga Libre.
- The Limboos
- Dj Blacka
- Mississippi Queen & The Wet Dogs
- Dj Ak
- Glamity Sound & Selektah Stepi
- Lau Katu
- Alter Ego
- Dj Delirius
- Dr Baltz
- Urdaibai Folk
- The Ugly Ones
- Blas Picon & Iker Piris