Gernikatik Gernikara, dispertsioa txikituz
Giro beroa sortu zen otsailaren 10ean Lizeo Antzokian; gutxitan bizi izandakoa bizitzeko aukera eman eta jaso zuen Sarek. Aulkirik ez zen libre geratu, ezta sarrerarik ere. Bete egin zuten aretoa, bete bihotz eta buruak.Gernikatik Gernikara, gernikarre...
Giro beroa sortu zen otsailaren 10ean Lizeo Antzokian; gutxitan bizi izandakoa bizitzeko aukera eman eta jaso zuen Sarek. Aulkirik ez zen libre geratu, ezta sarrerarik ere. Bete egin zuten aretoa, bete bihotz eta buruak.
Gernikatik Gernikara, gernikarrengandik gernikarrentzat. Sare Gernika-Lumok argi dauka: guztien artean, aterabidea posible egin nahi du, dispertsioagaz bukatu nahi du, «giza eskubideen alde, konponbidearen alde eta bakearen alde» dagoelako. Sufrimenduaren atea itxi gura du, eta, era berean, esperantzari leiho bat zabaldu. Horretarako, lanean dihardu.Justizia zigorra, mendekua, gizakiaren eskubide urraketa, sufrimendu handia, injustizia, egoera latza… Hamaika berba eta adierazpenez adierazi dute Gernika-Lumoko bizilagunek dispertsioak suposatzen eta eragiten duena.
Sarek, bere aldetik, herritarrekin puzzle bat sortu du, eta parte hartzaile bakoitzak bere ekarpena egin du, bere begirada eskaini du, bere pieza jarri du. Hala, horien guztien artean, hainbat eta hainbat gernikarrek pairatzen duten errealitatea erakustea helburu duen ikus-entzunezkoa sortu dute. «Amaitu beharreko erralitate baten erradiografia» egin dute. Eta hori erakusteko batu ziren otsailaren 10ean, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian.
Aretoa txiki utzi zuen Aterabidetik ikus-entzunezkoaren estreinaldiak; handia izan zen, baina, bertaratutakoen harrera.
Sareren hasierako erronka Aterabidetik ikus-entzunezkoa Lizeo Antzokian estreinatzea zen, eta Zine Klubari esker, posible izan zuten. Hala, hurrengo helburua aretoa betetzea zen, eta hori ere lortu zuten. Horren aurrean, beraz, «guztiz pozik» agertu dira sarekideak. «Gainera, uste dugu estreinaldira bertaratutakoak gustura geratu direla ikusitakoagaz, eta beraien barruetan zerbait mugitu delakoan gaude, eta hori oso garrantzitsua da guretzat». Hori lortuta, uste dute film labur horrek bere bidea egingo duela, «abiapuntu egokia» eduki baitu.
Urtebeteko lanaren ostean, guztia ondo atera zedin desio zuen Sarek, eta jendearen jarrera ikusita, behintzat, «oso pozik» geratu da dispertsioaren aurkako taldea. «Kontraesankorra dirudi; izan ere, poztasuna agertzen gaude sufrimenduzko gai baten aurrean». Sarek gogorarazi duenez, estreinaldiaren asteburuan ere, hamaika lagun izan ziren dispertsioaren ondorioz bidean kilometro ugari egin behar izan zituztenak, baina Lizeon bildutakoek, beharbada, distantzia hori laburtu egin zutela adierazi dute sarekideek: «Film labur horrek dispertsioa laburtzeko balio izan du, eta hori horrela ulertu delakoan, pozik eta gustura gaude».
Oihana Cabellok eta Gurutzne Basterretxeak aurkeztutako ekitaldi labur batek hasi zuen Aterabidetik ikus-entzunezkoaren estreinaldia. Dokumental baten proiekzioa baino gehiago izan zen joan den barikukoa: Gernikatik Gernikara egindako ekarpenen bilketa izan zen. Musikak eta dantzak ere izan zuten tokia. Bertaratutakoek Ross dantza eskolako nesken saioaz eta Paul Omaetxebarria eta Hibai Etxebarriaren musikagaz gozatzeko aukera izan zuten.
Josu Goikoetxea, pozik
Josu Goikoetxea arduratu da film laburraren gidoia egiteaz. Lan hori egitea proposatu ziotenean «ardura eta kezka handiz» hartu zuen eskaera, baina Sarek egindako Erradiografiak liburuxka oinarri hartuta, lan egiteari ekin zion. «Sarek egindako lan horretan zegoen guztia, bertan zegoen muina», adierazi du. Hori dela eta, aurretiaz egindako behar horri forma emateaz arduratu da gernikarra, idatzizkoa ikus-entzunezko bihurtzeraino.
Lana «ondo» egiteko ardura izan dute bai Goikoetxeak bai eta gainontzeko lantaldeek ere. Hori dela eta, sentimenduek beraien lekua hartu badute ere, «ahalik-eta modu profesionalenean» jarduten saiatu izan dira. Herritarren bihotzera ailegatu gura zuen Goikoetxeak, baina horregaz batera, horien buruetara heltzea zuen xede, «jendeari erakusteko zein errealitate gogorra den dispertsioarena».
Izan ere, euskal herritar guztiek daukate erantzukizuna, gidoilariaren ustez. «Gure herritarrak dira sufritzen ari direnak. Astero-astero milaka kilometro egin behar izaten dituzte; beraz, bihotza aparte utzita, burua ere erabili beharko genuke gatazka hau ez delako amaitu, sufrimendu hori oraindik bizirik dagoelako». Modu horretan, sufrimendu horregaz, neke horregaz amaitzea «guztion eginkizuna» dela deritzo.
Bere lana baino, «errealizatzaileena» nabarmendu du ikus-entzunezkoaren gidoilariak; berak eskainitako ideia bat oinarri hartuta, haiek eman baitiote forma lanari. Hala, nola eraldatzen zuten ikustea «zoragarria» izan dela aitortu du.
«Esperientzia berri bat» izan da Goikoetxearentzat Aterabidetik ikus-entzunezkoagaz bizitakoa, orain arte ez baita aritu halako formatu eta dimentsioko lan batean. Ikasketa prozesu bat bezala ere hartu du. Hala, arazoak arazo, Sareren lan horrek forma hartu zuenean, «itzelezko poza» hartu zuela aitortu du; «jendea pozik ikusteagaz oso gustura sentitu naiz». Era berean, hasierako helburuak «erabat beteta» ikusi ditu lana bukatu eta estreinatutakoan. Otsailaren 10ean aretoa bete izana «adierazgarria eta zoragarria» dela gaineratu du.
Kartzelara bisita
Dokumentalaren zati batek preso politiko baten emazte (Izaro) eta alabak (Aiora) Valladolideko espetxera egindako bisita biltzen du. Gaiagaz loturarik ez duen eta eskualdean aski ezaguna den Jose Antonio Bastegieta Marko dute bidelagun bidaia horretan.
Kortezubiko alkate ohi eta bertako bizilagunak ez du ahazteko egun hura: «Preso baten senide eta lagunek bidean hainbeste kilometro egin behar izateko eskubiderik ez dago. Familia torturatzea da hori», salatu du. «Guztiok entzun izan dugu dispertsioaz, baina bidaia hori egin ostean, sakonago pentsatzen dut familia horiei egiten zaien torturan. Errealitatea bizi egin behar da hobeto ulertzeko. Dispertsioaren aurka gauden guztiok legea defenditzen dugu».
Film laburra, sarean
Eta errealitate hori ezagutu, bizi zein ulertu nahi duenak Aterabidetik ikus-entzunezkoa izango du horretarako aukera. Otsailaren 10ean bertaratzerik izan ez zuen horrek, edota joan bai, baina berriro ere dokumentalagaz gozatu nahi duen horrek www.saregernika.eus atarian dauka filma ikusi edota deskargatzeko aukera. Horrela, ikusteko hautua hartzen duen horrek «sentituko du errepidean bere bizitza-denboraren zati handi bat uzten ari diren pertsona horien sufrimendua». Eta lan horrek horretarako balio dezakeela uste du Sarek; «baliteke barruan sortzen digun ezinegonak dispertsioaren amaieran gure aletxoa ipintzera bultzatzea herritarrok».
Estreinaldiaren egunaren ostean, bidea egiten jarraituko du Sarek, eta, hala, urrats berriak ematen. «Bideetan gero eta gutxiago izateko, bidean gero eta gehiago izan behar gara». Hala, ekimen gehiago egingo dituztela aurreratu du. «Agian, ez dimentsio horretako egitasmoak, baina garrantzia eta sakonera bereko ekimenak izango dira, betiere, dispertsioa amaitzeko modu anitzak plazaratuz».
Lanketa horretan norbanako guztiak nahi dituzte, «asko delako egiteko dagoena». Urrutira joan barik, beraz, lanean hasteko edo jarraitzeko dei egin die herritarrei, «Aterabidetik film laburra ikusiz, hausnartuz, elkarbanatuz, eztabaidatuz, gomendatuz, sarea josiz, sarea handituz, distantziak laburtuz, Gernika dispertsioa amaitzearen alde kokatuz, aterabidean sakonduz».