Irrintzi-alai dantza taldeko txistulariak antolatuta,
herriko txistularitza omentzeko asteburua edukiko dute Busturian. Barikurako eta zapaturako ekitaldi ugari antolatu dituzte.
Irrintzi-alai dantza taldeko txistulariak. Argazkia: Idoia Etxebarria
XX.mendean Busturian txistulari asko egon zirela diote antolatzaileek. Gerora, kopurua jaitsi bazen ere, gaur egun, berriro, bederatzi txistulari inguru batzen direla azaldu dute. Idoia Etxebarria txistulari eta Busturiko kultura zinegotziaren esanetan, «taldean batuta pentsatu genuen ideia ona izango litzatekeela herrian txistularitzak izan duen ibilbidearen berri ematea».
Hitzaldi bategaz hasiko dira
barikuan. 19:00etan, Altamirako liburutegian,
Busturiko txistularitza XX.mendean hitzaldia eskainiko dute. Irrintzi-alai dantza taldeko txistulariek emango dituzte azalpenak, eta argazki asko pilatu dituztela azaldu dute, hitzaldian erabiltzeko. Ondoren,
20:30eatik aurrera, kantu kantari ariko dira auzoko kale eta tabernak girotzen.
Zapatuan, txistularien alardearekin hasiko dute eguna.
13:00etatik aurrera, Axpe auzoko kaleak txistu doinuekin beteko dituzte.
14:30ean, berriz,
Busturiko txistulari zaharrena omenduko dute; hala ere, oraindik ez dute bere izena ezagutzera eman gura izan. Ohorezko aurreskua dantzatuko diote eta oraigarri bat jasoko du.
Omenaldiaren ostean, Eguzki-begira elkartean batuko dira elkarrekin bazkaltzeko. Arratsaldean, «gogotsu» jarraitzen baldin badute, 19:00etatik aurrera, kalejiran ibiliko direla azaldu dute antolatzaileek.