'Karramarro' antzezlana ikusgai egongo da Bermeon, Korrika kulturalaren barne
Aurrera doaz Korrika kulturalaren baitako ekintzak Euskal Herrian zehar. Horri lotuta, Bermeon, Karramarro antzezlana ikusteko aukera egongo da bariku honetan. Ikuskizuna 21:00etan hasiko da, Nestor Basterretxea aretoan.
Eider Rodriguezen, Miren Agur Meaberen eta Marcela Lacuberen testuetan oinarritutako bakarrizketa da Karramarro antzezlana. Eneritz Artetxe aktore gernikarrak antzeztutako bakarrizkera da. Kostaldeko hondartza nudista sofistikatuenean, gorputz lirain, gihar puztu, depilazio eta tatuaien erdian, bat-batean, 40 urte inguruko emakume bitxi bat agertzen da goitik behera estalita; mihi zorrotz eta lotsagabe batez bere bizipen eta inguruari buruzko gogoetak kontatuko ditu.
Sarreren prezioa 6 eurokoa da eta eskuragarri daude dagoeneko Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean, orotariko kutxazainetan edo www.kutxabank.es webgunean. Gazte, adineko, elbarritu eta langabetuek lehiatilan erosiz gero %25eko deskontua dutela gogorarazi dute.