Aurrekontuak eratzeko parte hartze prozesua zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak
Bederatzigarren urtez, udal aurrekontuak eratzeko bidean, parte hartzeko prozesua zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak, auzoz auzo egiten diren batzarren osagarri legez. Hain zuzen, herritarrek otsailaren 23ra arteko epea izango dute beraien proposamen edota ekarpenak egin ahal izateko.
2017ko udal aurrekontuen zirriborroan herritarren ideia, priektu eta proposamenak jaso nahi ditu udalak, gerora, udalak berak azter ditzan teknikoki edota ekonomikoki bideragarriak diren.
Ekarpenak egin nahi dituen herritarrak udalaren webgunean (www.gernika-lumo.net) izango du inprimakia deskargatzeko aukera. Behin hori eginda eta beteta, posta elektonikoz (partaidetza@gernika-lumo.net) bidali beharko du, edo bestela, udaletxeko informazio sailera bideratu beharko du; betiere, otsailaren 23a baino lehen.
Gernika-Lumon erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute. Halaber, udalaren erakunde erregistroan izena emana duten erakundeek zein edonolako elkarte, fundazio, sindikatu, enpresa elkarte, elkargo profesional, herri erakundeek zein bestelako erakundeek egin ahal izango dituzte beraien ekarpenak; betiere, izaera juridikoa dutenetan eta egoitza iraunkorra udalerrian dutenetan.
Horiek guztiek egiten dituzten proposamenak udalaren eskumeneko gaiekin lotutakoak izan beharko dute; hala nola, Berdintasuna, Kultura, Kirola, Ekonomia Sustapena, Hezkuntza, Euskara, Gazteria, Ingurumena, Osasuna, Gizarte segurtasuna, Babes Zibila eta Gizarte Ekintza bezalako gaiekin lotura dutenak.
Hala, interes partikularrak baino, herritar guztien interes orokorrak bermatu beharko dituzte, eta, edozein kasutan ere, ezin izango dira legez kanpokoak, iraingarriak edota baztertzaileak izan.
Horrez gain, proposatutako ideiak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direla egiaztatu behar izango da.