"San Mamesen borrokatzea da nire ametsa, baina, oso gaitza da"
Noiz daukazu hurrengo borrokaldia? Martxoaren 11n, Miribillan,?Hala ere, oraindik ez dakigu noren aurka ariko naizen. Bi aukera daude, Villalba argentinarra izatea aurkaria edo Johnny Nava. Ez bata ez bestea ez ditut ezagutzen, ez daukat idearik nola borrokatzen duten. Hori entrenatzailearen lana da, nik egunero entrenatu eta berak esaten duena egiten dut. Borrokalari bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Adibidez, boxeolari bat fisikoki handia bada eta borrokatzerakoan atzerantza egiten badu, kasu horretan guk aurrerantza egiten dugu. Alderantziz denean, bestea aurrera egitekoa bada, guk geldiarazi egin behar dugu. Borroka bakoitzak bere prestaketa dauka. Zein momentu bizi duzu orain? Kirolari legez, nola sentitzen zara? Inoiz baino hobeto nago. Neskalagunagaz eta alabagaz bizi naiz, entrenamenduak oso ondo doaz, eta eskuak primeran dauzkat. Esku biak, momentuz, primeran dauzkat. Beste alde batetik, betiko lagunekin harremana ere ona da. Ni animatzeko prest daude beti, eta niretzat hori sekulako motibazioa da. Borroketara ni animatzera etortzen den jende guztiaren babesa izugarria da niretzat, motibazio handia. Horrek laguntzen dit egunero aurrera egiten. Ingurukoen eta zaleen babes handia daukazula sentitzen duzu, beraz. Zale asko ditugu, eta hori eskertzekoa da. Borroka guztietara etortzen dira, eta nire garaipen guztiak haientzat dira. Madrilera (Espainia) joan, edo Euskal Herritik kanpo beste edonora joan, zale horiek nigaz etortzen dira. Horrek asko motibatzen nau, eta eskertzeko modurik ez dago; ez dakit nola eskertu egiten duten hori guztiori.“Inoiz baino hobeto nago; lesioak gaindituta ditut, eta bi eskuak ederto”
Boxeoan hasiberria zineneko gogo eta ilusio bera mantentzen dituzu. Baina eboluzioa ikaragarria izan da. Momentu txarrak eduki ditut. Bi eskuak apurtu, eta bi ebakuntza egin zizkidaten; baina orain momentu onak bizi ditut, eta hori aprobetxatu behar dut. Eta motibazio horregaz entrenatzen dut. Borrokaldiren bat galduko dudan eguna helduko da, eta momentu horri gogor eutsi beharko diot. Ordura arte gogor entrenatzen segituko dut. Borroka luzeak egin gura ditut, eta horretarako eskuek eustea da gura dudana. Azken urteotan Euskal Herriko boxeolariek presentzia gehiago duzue komunikabideetan. Zeren eraginez dela uste duzu? Gero eta indar handiagoa dauka boxeoak, eta hori zuek eta jendeak egiten duen lanagatik da. Boxeoa ikustera doazenen kopurua nabarmen hazi da azken urteotan, eta komunikabideetan ere albiste gehiago agertzen dira. Nire borrokak ikustera doan jendearen babesa asko eskertzen dut, eta baita zuen lana ere, boxeolarioi lekua egiteagatik.“Porrota helduko dela argi daukat, eta heltzen denean gogor egon beharko dut”