Hezeguneen Mundu Mailako Eguna izan zen atzokoa, eta, egun hori baliatuta, astebururako egitarau zabala antolatu du Ekoetxea Urdaibaik. Zapatu-domekan, hainbat jarduera eta txango egiteko aukera izango dute herritarrek. Arkaraiko hezegunea, Oka ibaiaren goi estuarioa, Urdaibaiko padurak eta Kanalako polderra bisitatu ahal izango dira astebururan, besteak beste.
Euskal Herriko hezeguneetatik, Gorbeako esfagnalek ekosistema bezela eskaintzen dituzten balioak ezagutzeko irteera prestatu dute zapaturako, Ekoetxea Txingudi eta Ataria-rekin elkarlanean. Halaber, egun berean, Oka ibaiaren goi estuarioan zehar ibilidea egiteko aukera ere emango dute. Arratsaldean, anfibioei eta hezguneei buruzko hitzaldia emango dute, Madariaga dorretxean.
Domekarako antolatu dituzten ekintzek ere hezeguneak izango dituzte oinarri. Urdaibaiko padurara eta Euskadiko Biodibertsitate Zentrora bisita gidatua da eskainiko duten ekintzetako bat. Kanalako polderra eta bere funtzio eta erabilerak ezagutzeko ibilbidea ere egingo dute.
Gura duenak, itsasora ateratzeko aukera ere izango du. Urdaibai estuarioko ingurune naturala eta bere biodibertsitatea erakustea izango du helburu irteera horrek.
Domeka arratsaldean, berriz, sei urtetik gorakoentzako tailerra emango dute Busturiko Madariaga dorretxean. Gure hezegunea zaintzen izenburupean, Ekoetxea Urdaibai zentroko hezegunea aberastea izango du helburu tailerrak.
Hegaztiak behatu. Hezeguneek Mundu Mailako Eguna Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek ere kontuan izaten duen eguna da.
Domekan, otsailaren 5ean, ate irekien eguna izango da Gautegiz Arteagako zentro horretan. Hurrengo eguenean, otsailaren 9an, konferentzia bat emango du Javier Franco San Sebastianek, Las basuras marinas: un reto global para la gestion de los mares izenburupean. Berbaldia 19:00etan hasiko da.
Egitaraua
Bihar
10:00-13:00. Arkaraiko Hezegunea. Ekoetxea Txingudi eta Ataria-rekin elkarlanean: Hezeguneek eta Gorbeako esfagnalek ekosistema bezela eskaintzen dituzten balioak ezagutzeko.
10:30-13:00. Ibilbidea Oka ibaiaren goi estuarioan zehar. Adin guztiei zuzenduta. (3 euro).
17:00-18:30. Hitzaldia:
Anfibioak eta hezeguneak. Aranzadiren eskutik. Madariaga dorretxean.
etzi
10:00-13:30. Urdaibaiko padurak. Ibilbide gidatua Urdaibaiko padurara eta bisita Euskadiko Biodibertsitate Zentrora. Adin guztiei zuzendutako jarduera. (5 euro).
10:00-13:00. Kanalako polderra. Kanalako polderra eta bere funtzio eta erabilerak ezagutzeko ibilbidea. Adin guztiei zuzenduta. (3 euro).
11:00-12:30. Itsasadarra itsasontziz. Urdaibai estuarioko ingurune naturala eta bere biodibertsitatea ezagutzeko itsasontzi irteera. Adin guztientzako. (Helduek: 22 euro; 6-18 urte: 10 euro; 6 urtetik beherakoek: 1 euro).
17:00-18:30. Gure hezegunea zaintzen. Zentroko hezegunea aberasteko tailerra. 6 urtetik gorakoentzat, Madariaga dorretxean.
Egun osoan. Ate irekiak Urdaibai Bird Centerren.
otsailaren 9an
19:00. Las basuras marinas: un reto global para la gestion de los mares. Javier Franco San Sebastian, Urdaibai Bird Centerren.