Azken asteotako euriteek kalteak eragin dituzte San Ignazioko etxeetan
42A atariko igogailua zerbitzu barik laga dute urak eta hezetasunak. 42Bko teilatutik ura hasi da sartzen. Konponketak nork ordainduko dituen jakin barik jarraitzen duteOraindik beraien etxeetara bueltatzeko aukerarik izan ez duten San Ignazioko bizila...
42A atariko igogailua zerbitzu barik laga dute urak eta hezetasunak. 42Bko teilatutik ura hasi da sartzen. Konponketak nork ordainduko dituen jakin barik jarraitzen dute
Oraindik beraien etxeetara bueltatzeko aukerarik izan ez duten San Ignazioko bizilagunek beraien etxeetatik gauzak ateratzeko aukera izan zuten zapatuan. Euren etxeetan ez dauden 84 familiek ordubeteko epea izan zuten euren etxebizitzetan sartu-urtena egiteko, baina 42A atariko zortzi familia, ostera, aukera hori barik geratu ziren, hezetasunak eta eraikinera sartutako urak igogailua zerbitzurik barik laga zutelako.Lehenengo solairuaren eta bigarren solairuaren artean eskailera erabat txikituta dago, harritzar bat jausi zelako bertara, eta, hortaz, beharrezkoa da igogailua erabiltzea. Teknikariek ezin izan zuten igogailua martxan ipini, eta euretariko batek azaldu zuenez, garajeen parean dagoen igogailuaren zulogunean ura sartu da, eta, ondorioz, hezetasuna ere handia da. «Momentu honetan, 15 bat zentimetroko altuera du urak, baina gehiago ere egon dela uste dugu, urak utzi duen arrastoa gorago ikusten da eta».
Mendia eraikinaren kontra jausita dagoenez, hezetasuna handia dela ere azpimarratu dute bizilagunek. Eta azken asteotako euriteek egoera larriagotu baino ez dute egin. Dirudienez, menditik datorren ura eraikina ari da xurgatzen, eta horrek eragin ditu hezetasun arazoak. Atari horretan hezetasunak eragindako kalteak nabariak dira; beheko solairuan, igogailuaren ate aurrean, hezetasun orban handi bat dago, eta lehen solairura doazen hormetan ere hezetasuna dagoela agerian dago. Besteak beste, hormako pintura altxatzen eta zartatzen hasita dago.
Alboko atarian, berriz, teilatua ere kaltetuta dagoela adierazi dute. «Ganbaretara gauzen bila joan garenean, teilatutik ura sartuta dagoela ikusi dugu».
Urduritasuna
Kaltetuak urriaren 29an sartu ziren azkenengoz euren etxebizitzetan, eta hiru hilabete igaro ostean, urduri eta kezkatuta sartu ziren asko. Bi taldetan banatuta sartu ziren bizilagunak; 40 A, B, C eta 42 A eta B atarietakoak Zamora tabernaren paretik sartu ziren, eta 44 A eta B eta 46 A eta B atarietakoak, aldiz, kalearen beste aldetik.
HITZA-k, beste kazetari batzuekin batera, 40B atariko etxebizitza batean sartzeko aukera izan zuen, eta laugarren solairutik lur jausiak eragin dituen kalteak bertatik bertara ikustekoa. Handik, harriak eta lurra nonahi pilatuta ikusten dira. Lehen solairuko terrazak txiki-txiki eginda daude lur jausiaren ondorioz, eta kasu batzuetan, hirugarren solairuaren pareraino daude erorita harriak. Lehen Kamiñalderantz zioan errepidearen arrastorik ez dago; orain, harriz eta lurrez beteta dago eta.
Lantaldearen batzarra
Goizane Zabala Saiñazio Mendi Azpixan gestoraren ordezkariak agertu duenez, bestalde, lur jausiak kaltetutakoek «betiko kezkagaz» jarraitzen dute. «Etxera buelta egiteko egunei begira egongo ginela pentsatzen genuen, baina gauzek solte jarraitzen dute. Solte jarraitzen dute harriek, eta baita diruek ere».
Zabalak azpimarratu duenez, euren etxeen konponketa zeinek ordainduko duen jakin barik jarraitzen dute. «Diotenez, asko gure etxeetan sartuko gara martxoaren bukaeran, baina apurtutako etxeak konpontzen ez dituzten bitartean, eta lanak zeinek ordainduko dituen enteratzen ez garen bitartean, ez dugu argi ikusten apurtutako etxeotakook noiz bueltatuko garen».
Ondarroako udal iturriek aurreratu dutenez, bestalde, Kamiñaldeko mendi magaleko gaia lantzen ari den lantaldeak otsailaren 9an egingo du bilera teknikoa. Batzarra 10:00etan egingo da, Ondarroako udaletxean.
Nabarmendu dutenez, batzar horretan lanak ordaintzeko dirua nola bideratu aztertzea garrantzitsua izango da. Lanak, ahal bada, urtea amaitu aurretik amaitu behar direla azaldu du Zunbeltz Bedialauneta alkateak, eta lanak bere osotasunean ordaindu ahal izateko 8 milioi euro falta direla gogorarazi du. «Larrialdi faseko lanak bideratuta daude, baina urgentziazko lanetarako dirua da arazoa, eta hori lortu behar dugu. Orain arte lortu dugun dirua, esaterako, ez da larrialdi faseko lanak ordaintzeko nahikoa. Larrialdiko lanen kostuta, gutxi gorabehera, 11 milioikoa dela kalkulatu dugu».