Joan den asteburuan jarri zituen lehenengo ontziak, baina aurrera begira, gehiago jartzeko asmoa erakutsi du. Edukiontzi barri horien bitartez, etxeetan zein dendetan sortzen diren hondakin organikoak birziklatzea du helburu.
Joan den asteburuan hasi zen Gernika-Lumoko Udala bosgarren edukiontziak jartzen herrian. Argazkia: Gernika-Lumoko Udala
Urrian egin zuen udalak bosgarren edukiontzi horiei buruzko kanpaina informatiboa, eta, ordutik,
135 familia izan dira konposta egiten hasteko asmoa agertu dutenak.
Zabor poltsa osatzen duten hondakinen %40 inguru kalitatezko konpostean bihur daitekela dio udalak, baina, horretarako, materia organikoa sustantzia toxikoekin ez kutsatzea “oso garrantzitsua” dela jakinarazi du. Hori dela eta, konposta egiteko erabiliko diren hondakinen jatorrizko banaketa “modu egokian” egin behar dela gogorarazi dio herritarrari, eta, horretarako, konposta egin nahi duenak “informatuta” egon beharko duela gaineratu du.
Udalak azaldu duenez,
lekaleak, frutak, barazkiak, pasta, landare zatiak, fruitu lehorrak zein sukaldeko ahozapi eta paperak dira bosgarren edukiontzi horretara bota daitezkeenak; aldiz, okela, arraina, itsaskia, arrautza, oskola, gazta, animalien jatekoa, lurra, pixoihalak eta zigarrokinak dira bota ezin daitezkeenak.
Konposta egin nahi duenak oraindik ere badu izena emateko aukera, honako bideetako bat aukeratuta:
organikoagernikan@gernika-lumo.net helbidean, 94-627 02 07 edo 682 79 74 83 telefonoetan edota udaletxeko informazio puntuan (08:00etatik 14:00etara). Izena ematen duten horiek bosgarren edukiontzia erabili ahal izateko ontzi bat, poltsa egokiak eta edukiontzia zabaltzeko giltzak jasoko dituzte.