Undabason egingo du urteko lehenengo jardunaldia Lurgaiak
Urteko lehenengo jardunaldia egingo du urtarrilaren 28an Lurgaia Fundazioak. Hain zuzen, Muxikako Undabaso basoan elkartuko dira egun horretan.
Zuhaitz eta zuhaixkak landatuko dituzte Muxikako txoko horretan, baina, horrez gain, bestelako lan batzuk ere egingo dituzte; hala, mintegi txiki bat eraikiko dute, landareak landatu aurretik, eremura egokitu daitezen. Halaber, anfibioentzako putzuak txukuntzeaz ere arduratuko dira, eta baita zuhaitz eta zuhaixkei babesgarriak jartzeaz.
Behar horiek egiteko urtarrilaren 28an, 09:30ean jarri dute hitzordua Ibarruriko eliza aurreko aparkalekuan. Fundazioaren asmoa egun osoan lanean jardutea bada ere, eguerdian etenaldia egingo dute, zerbait janez, indarrak hartzeko.
Interesa dutenek, aurretiaz eman beharko dute izena info@lurgaia.org helbidera mezua bidalita edota 94-657 61 10 zein 606 14 18 37 telefonoak erabiliz. Beti ohi legez, fundazioa bera arduratuko da lanerako beharrezkoa den materiala eramateaz.