Euskal Ligan debut ezinhobea egin du Gernika Rugby Taldeak. Zapatuan 12-32 nagusitu zen Ordiziaren kontra, Altamiran. Denboraldiko lehen garaipenagaz pozik daude basurdeak, eta egindako lanagaz gustura daudela azaldu dute.
Oso ondo jokatu zuten basurdeek; kontzentratuta zelairatu ziren, eta hasieran urduri egon arren, zelaian bere jokoa egiteko ez zuten arazorik izan.
Argazkia. Aitor Lauzirika Omaetxebarria
Amaiur Torneoagaz alderatuta, presio handiagoa zuten jokalariek, eta partida irabaztea zen haien helburua. Horretarako gogor borrokatu zuten. Taldea ondo antolatuta eta zelaian ondo kokatuta aritu zen.
Seigarren minutuan Goirik egin zuen Gernika RTren lehen entsegua, eta Batirtzek transformatu zuen. Goiriren bigarren partida izan zen zapatukoa, eta hark egin zituen basurdeen lehen hiru entseguak.
Argazkia. Aitor Lauzirika Omaetxebarria
Basurdeek lehen zatian hiru entsegu egin zituzten, eta etxeko taldeak bakarra egitea lortu zuen. Ondorioz, 5-17ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan lasaiago jokatu zuen talde gernikarrak. Hala ere, beren lana ondo bete zuen, eta bigarren zatian beste hiru entsegu egin zituen (Ordiziak entsegu bat egin zuen bigarren zatian). Maitek egin zuen taldearen laugarren entsegua (bere lehenengoa izan zen), hurrengoa Letik egin zuen, eta azkena Nayukik.
Argazkia. Aitor Lauzirika Omaetxebarria