Milaka lagun elkartu zituen 2014ko ekainean Gure Esku Dagoren Giza Kateak, eta “kolorez eta ilusioz” bete zituen Euskal Herriko errepideak. Ekimen horrek aurreragoko bidea markatu zuen, eta gerora etorri ziren oihal katea eta beste hainbat ekimen. Orain arte egindako lan guztiari esker, erabakitzeko eskubideari buruzko prozesuak aurrera darrai. 2016an, esaterako, hautetsontziak agertu ziren, euskal herritarrek “gura dutena bozkatzeko eta esateko sinbolo gisa”. Hala gogoratu du Ana Tere Bengoetxeak gaur eguerdian Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan Gure Esku Dagok egindako mahai inguruan.
Ezkerretik eskumara: Ana Tere Bengoetxea, Juan Karlos Latxaga, Karmelo Landa eta Xabier Goirigolzarri
“Argi dago herriak erabakitzeko gogoa daukala; erabakiaren aroa hasita dagoela gure herrian”, jarraitu du esanez. Hala, Busturialdeko beste hainbat herritan legez,
Bermoen ere, apirilaren 2an dira herri galdeketa egitekoak. Herri kontsultak egiteko, baina, protokolo bat jarraitu beharra dagoela gogora ekarri die Nestor Basterretxea areotan bildutako 130 bat laguneri. Herri kontsulta egin ahal izateko, sinadurak jasotzea beharrezkoa da, eta lan horretan dihardutela azaldu du Bengoetxeak:
“Sinadurak biltzen hasi gara Bermeon, eta ia 900era ailegatu gara, baina, gutxienez, 1.800 bat behar ditugu, eta horiek lortzeko otsailaren 5era arteko epea daukagu”. Egun hori iristeko denbora askorik geratzen ez bada ere, sinadura horiek lortuko dituztenaren esperantza dauka Bengoetxeak: “Giza katerako 19 autobus atera ziren Bermeotik, beraz, espero dezagun, 2.000 sinadura baino gehiago jasotzea Bermeon”. Hala ere, hori posible egiteko,
“guztien parte hartzea ezinbestekoa” dela aipatu du. Izan ere, gutxieneko sinadura kopurua lortu ezean, ez dela herri kontsultarik egiteko aukerarik egongo argi utzi du.
Hortaz,
sinadurak batzen laguntzera gonbidatu ditu herritarrak, dela etxeetan, dela koadriletan, dela txokoetan… Sinatu ahal izateko, halaber, Bermeon erroldatuta egotea eta 16 urtetik gorakoa izatea derrigorrezkoa dela azaldu du. Hala, besteak beste, kalean jartzen dituzten mahaietan zein Gure Esku Dagoren lokalean (eguazten eta barikuetan 19:00etatik 20:30era eta zapatu eguerdietan) sinatu ahalko dute baldintza horiek betetzen dituzten lagunek.
Juan Karlos Latxaga kazetari bermeotarraren konpainian,
Karmelo Landak eta Xabier Goirigolzarrik parte hartu dute gaurko mahai inguruan, eta orain arteko egindakoaz eta egiteke dagoenaz jardun dira. Gure Esku Dagoren sorreraz mintzatu du lehenengoz Goirigolzarri, eta orain arte egindako lanaren balantzea egin du, berriz, Landak.
Argi utzi du Landak: “Herri batek estatu ez denean estatu izateko eskubidea dauka, eta eskubide hori erabili egin behar da”. Era berean, Goirigolzarrik azpimarratu du erreferendumak “dudarik barik, eragina edukiko” duela, “nahiz eta hauteskunde ofizialak izan ez, eta herritarrengana ailegatzeko baliabiderik (komunikabideak, esaterako) izan ez”.
Gure Esku Dagoren erreferentea Eskozia dela azaldu du eatarrak, eta Kataluniak bizitako esperientzia ere jarri du adibidetzat. “Eskozian lortu zuten erreferenduma egitea, baina galdu egin zuten. Dena den, beste bide bat zabaldu zuen horrek: Kataluniakoa. Horri, baina, Espainiako Gobernuak bidea ebaki zion, eta horren ondorioz, herritarrak mugitzen hasi ziren, herri txikietan erreferendumak eginez. Hortik beste herri batzuetara hedatu zen, eta, hortik mugimendu zabalak sortu ziren.
Konpromisoak hartzera behartu
Herritarren bultzada horretatik etorri zen alderdi politikoen parte hartzea, eta azken horretatik, aldiz, instituzioena”. Gauzak horrela, herritarrek alderdi politiko eta instituzioak konpromisoak betetzera behartu zituztela deritzo Landak. Eta Euskal Herrian ere, alderdi politikoen, erakunde sindikal zein sozialen eta instituzioen parte hartzea beharrezkoa dela uste du Eakoak; “ez herri mailan soilik, baita goreneko mailetan ere”. Izan ere, orain arte egindakoa “ondo” egon bada ere,
oraindik asko dagoela
egiteke dio. Bere arabera, he
rritarrek behartu egin behar dituzte alderdi politikoak, erakunde sindikal zein sozialak eta instituzioak erabaki zehatzark hartzera. “Zehaztu egin behar dute zein alternatiba planteatzen duten, zein estatu maila gura duten; izan ere, Euskal Herrian oraindik ere ez dago argi, eta nik uste dut eskatu egin behar dela hori argitzeko”.
Bitartean, Gure Esku Dagok bere bidea egiten jarraituko du, eta ekimen gehiago antolatzen jarrituko du; elkar ikusteko, elkarregaz batzeko. Hala, horietan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.