Salbamendu ontzi berria eman dio Segurtasun Sailak Itsasoko Gurutze Gorriari
Bermeoko portuan egongo da 'Izaro I' izena duen salbamendu ontzi berria. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua egon zen atzo Bermeon, ontzi berria emateko ekitaldianEusko Jaurlaritzak emanda, Itsasoko Gurutze Gorriak salbamendurako ontzi be...
Bermeoko portuan egongo da ‘Izaro I’ izena duen salbamendu ontzi berria. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua egon zen atzo Bermeon, ontzi berria emateko ekitaldian
Eusko Jaurlaritzak emanda, Itsasoko Gurutze Gorriak salbamendurako ontzi berri bat izango du Bermeon. Atzo goizean egin zuten aurkezpen ekitaldia Itsasoko Gurutze Gorriak Bermeon daukan egoitzan.Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak parte hartu zuen atzoko ekitaldian. Beragaz batera, Iñaki Irusta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Gurutze Gorriko presidentea, Carmen Martin Gurutze Gorriaren Osasuneko eta Sorospenetako Saileko zuzendaria, Josu Zubiaga segurtasuneko sailburuordea eta Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria egon ziren, besteak beste.
Izaro I ontziak euskal kostaldeko uretan salbamenduak egiteko beharrezkoak diren baliabide guztiak dituela azaldu zuten atzo Bermeon: nabigazio eta komunikazio sistemak, radarra, sirena, GPSa, bozgorailua, larrialdirako argiak… Ontzia erosteko eta hornitzeko, Eusko Jaurlaritzak 159.000 euroko inbertsioa egin du. Ia bederatzi metroko luzera duen ontzi erdi-zurruna da. Karelez kanpoko bi motor dituela jakinarazi dute, guztira, 400 zaldiko potentziagaz. 35 korapilako abiadura har dezake, eta autonomia handia du, biltegian 620 litro erregai sartzen baitira. Ontzian, berriz, hamazortzi lagunentzako lekua dago.
Salbamendu ontzi berrira igotzeko aukera ere eduki zuen atzo Segurtasun saileko sailburuak. Kirol Portuan igo eta azalpenak entzun ondoren, San Pedro arrantzaleen kofradia aurreraino eroan zuten.
Eskumena eskatu
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza arduratzen da itsas salbamenduaz, nahiz eta Espainiako Estatuaren eskumena den. Beltran de Heredia sailburuak azaldu legez, «eskumen hori eskualdatu egin beharko litzateke, eta Jaurlaritzatik eskatzen ari gara eta eskatzen jarraituko dugu, Gernikako Estatutuan onartzen den eskumen bat delako».
Bitartean, Larrialdietako eta Meteorologiako Zuzendaritzak bere bitartekoekin jarraituko du dagozkion eginkizunak egiten. Horretarako, Gurutze Gorria moduko erakundeekin daukaten lankidetza «oinarrizkoa eta behar-beharrezkoa» dela esan du sailburuak. Horien lana egiteko, baina, bitarteko eta baliabide egokiak behar dituztela adierazi zuen, eta bien arteko lankidetzaren emaitza da, hortaz, Izaro I moduko inbertsioa, «Gurutze Gorriaren ontzidia indartzeko eta modernizatzeko».
Itsasoko Gurutze Gorriak, urtean, 300 salbamendu baino gehiago egiten dituela jakinarazi zuen atzo Beltran de Herediak. Hala, horiek guztiek egiten duten lana eskertu eta goraipatu zuen.
Atzo Bermeon aurkeztutako salbamendu ontziagaz, hamalau dira Bizkaiko eta Gipuzkoako itsas salbamenduko ekipamendua osatzen dutenak, eta portu ezberdinetan aurki daitezke: Arriluze (3 unitate), Bermeo (2 unitate), Ondarroa (2 unitate), Getaria (unitate 1), Donostia (2 unitate), Pasaia (2 unitate) eta Hondarribia (2 unitate). Horiek guztiak Eusko Jaurlaritzak emandakoak direla nabarmendu zuten.