Atzoko eta gaurko andreak
'Emakumea Mendexan' argazki erakusketa osatu dute aurten Leixarra taldekoek. Belaunaldi askotako andreen bizimodua islatu dute, zuri-beltzean zein koloretan.Atzoko eta gaurko amonak, amak, alabak, izekoak... Belaunaldi desberdinetako andreen argazkieki...
‘Emakumea Mendexan’ argazki erakusketa osatu dute aurten Leixarra taldekoek. Belaunaldi askotako andreen bizimodua islatu dute, zuri-beltzean zein koloretan.
Atzoko eta gaurko amonak, amak, alabak, izekoak… Belaunaldi desberdinetako andreen argazkiekin osatu dute oraingoan Leixarra elkarteko kideek Gabonetako erakusketa.Emakumea Mendexan izenburupean bildu dituzte 80tik gora argazki. Herriko andreak bakarrik, lagun artean, familian… agertzen dira, garaian garaiko errealitatearen ispilu.
Mendexako andre eliztarrak frontoian, ejerzizuk edo gogo jardunak egin ostean, dio zuri-beltzean dagoen argazki oinetako batek. Zuri beltzean dago, halaber, 30eko hamarkadan Mendexako frontoian ateratakoa, eta hamarkada bereko argazki batean agertzen dira Dolores eta Mercedes Orue, Karraspioko antzinako etxean.
Baserriko bizimodua ere islatzen dute argazki batzuek. Uskolako soloan, behien artean araketan ageri dira Rosario eta Ramon Guenaga, arie manejatzen. Era berean, herriko kultur ekintzen erakusgarri dira Mendexako plazan antzerkia egiteko prest dauden bi neskatilen edota Neskazahar antzezlana egin zuteneko argazkiak.
Herritik kanpo
Mendexarrak haien sorterrian zein herritik kanpo agertzen diren argazkiak batu dituzte erakusketan. Esate baterako, 1950eko hamarkadako irudi batean Jeronima Iturraspe dago Bakion, panderoa jotzen.
Zuri-beltzean zein koloretan, Lekeitioko Antzar Eguneko argazkiak ere badituzte. 1960ko hamarkadan, Antzar Egunez, plazako eskaileretan ateratako familiarena. Eta koloretan dago 2013an ateratako maoiz jantzitako andra kuadrillarena.
Baserri giroko argazkiak, eta batik bat baserritarrak haien jardunean ageri direnak lortzea zailagoa izan dela diote Leixarra elkartekoek. Hala ere, baten bat lortu dutelako pozik daude: «Inork ez zituen ateratzen; beharrean zaudela zertarako aterako duzu argazki bat? Orduan ez zitzaien halakorik okurritzen. Normala da, argazki kamerarik ere ez zegoen etxeetan».
Antzinako paisaiak, baserriak, jendea, zereginak, kirolak, ohiturak, kultura edota aisialdia islatzen dituzten irudiak dira, eta zaharrenak dira herritarren arreta bereganatu dutenak.
Hirugarren urtez jarraian, Gabonetan ikusgai ipini dute argazki erakusketa, eta urteko sasoi horretako hitzordu garrantzitsu bihurtu da herritarrentzat. «Asko gozatzen dute. Batik bat adineko mendexarrei asko gustatzen zaie beraien burua argazki hain ederretan ikustea. Oroimen asko sortzen dizkiete. Haien artean berba egiten hasten dira, eta giro polita sortzen da», azaldu dute Leixarra elkarteko kideek.
Herritarren ekarpena
Argazkiak sailkatu, datak eta izenak jarri, digitalizatu, neurriz handitu, bat edo batean konponketaren bat egin… Lan nekeza da, baina gustura egiten dute, eta herritarren ekarpenik barik ezinezkoa litzatekeela nabarmendu dute: «Asko lagundu digute. Zapatu arratsalde batzuetan udaletxeko ganbaran batu gara, eta kafe tertulia giroan orduak eta orduak egin ditugu argazkiak begiratzen eta informazioa osatzen. Uste dugu jendea horren parte sentitzen dela. Jendeak sinistu egiten du gure lanean. Sinistu egiten du lan bat dagoela honen atzean, lan hori ona dela herriarentzat».
30eko hamarkadatik gaur egunera, ehunka mendexarren bizimodua islatu dute erakusketan. Baina Leixarrako kideek diotenez, hutsune bat dago 60ko hamarkadatik gaur arte.
Hala ere, XX. mende amaierako eta XXI. mende hasierako argazki batzuk jasotzea lortu dute. Horren adibide dira 1999ko eta 2002ko nesken eta mutilen arteko partiden eta Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko 2013an Biarritzera txangoan joandako andreen argazkiak.
Azken hamarkadetako argazkien falta ikusita, eta aurrerantzean hori ez gertatzeko, orain herrian egiten dituzten ekitaldien argazkiak biltzen hastea erabaki dute.
Horrela, gaur egungo Mendexa eta mendexarren irudia ere gordeta edukiko dute etorkizunean. «Argazki kamera bat eta disko gogorra erosi ditugu. Eta ateratako argazkien artean aukeraketa egin, eta horiek ere datu basean sartuko ditugu».
Elkarrizketak grabatzen
Hala, irudiak bakarrik ez, herriko hizkera ere jasota utzi gura dute, eta horretarako, elkarrizketak grabatzen hasi dira.
Herritarren irudiak zein ahotsak gordetzea garrantzitsua dela azpimarratu dute. «Astia eta indarra ditugunean ondarea berreskuratzeko asmoa ere badugu, behintzat gehiago ez galtzeko. Gauzak apurtzen, jausten edo aldatzen direla ikusteak pena ematen du».
2009ko sanpedroetan argazki txikiekin egin zuten lehen erakusketa. Orduan, 260 argazki baino gehiago bildu zituzten, eta herritarren laguntzari esker, gaur egun 700 argazki baino gehiago dituzte datu basean.
Haien helburua argazkiak liburu baten jasotzea da orain: «Kalitate zein esanahi aldetik aukeraketa egin eta ordenatuta epe ertainera argitalpen bat osatzea da gure asmoa».