Armotxerriko argiteria konpondu du Foruko Udalak
Ekaitzen ondorioz, Foruko Armotxerri auzoan jarri berri zuten argiteria hondatu zen maiatzean. Foruko Udalak azaldu duenez, «oso nabarmenak» izan dira ekaitzek eragindako kalteak; hori dela eta, argiteria bere osotasunean aldatzea «beharrezkoa» zen...
Zenbait lineatan, fusibleetan eta kaxa elektrikoetan eragin zituzten kalteak maiatzeko ekaitzek, eta horiek «ahalik eta arinen konpontzen» saiatu da udala. Halaber, kaltetutako kale-argi bakoitzeko gaintentsioetarako babesak ere aldatu dituzte; guztira, 47.
Lan horiek eginda, argiteria berreskuratu du Armotxerri auzoak, eta Herriko Landa Inguruen Argitasuna Berritzeko Planarekiko konpromisoa berresten du. Izan ere, «herrian eraginkortasun energetikoa lortzea, igortzen den CO2 eta argi-kutsadura murriztea eta herritarrei zerbitzuak bermatzea eta horien segurtasunaren alde egitea» da aipatu planaren helburua. Plan horren baitan egin ditu udalak, esaterako, Gaitoka, San Kristobal-Urberuaga, Atxondoa eta Armotxerri auzoetako argiteria berriztapenak.