Zaldupen birziklatzeko ontziak non ipini nahi diren galdetuko du udalak

Herriko beste zenbait tokitan egin modura, eta «herri jasangarri bat eraikitzeko» nahiagaz, Zaldupeko plazan ere birziklatzeko ontziak jarriko dituela jakitera eman du Ondarroako Udalak.

Birziklatzeko gune berriaren kokapen egokia garrantzitsua dela uste du udalak, eta hori dela eta, erabiltzaileak izango direnen iritzia eskatu dute. «Herritarrek gune berriaren kokapena egokia ikusten duten ala ez ezinbestekoa da guretzat; azken finean, beraiek izango dira aurrerantzean ontziak erabiliko dituztenak», azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Hainbat bide

Udal iturriek nabarmendu dutenez, herritarrek iritzia emateko hainbat bide izango dituzte. Horretarako, komunikazioa@ondarroakoudala.net posta elektronikora idatzi edo 900 31 40 53 telefono zenbakira deitu ahal izango dute.

Hain zuzen ere, hondakin kopuru handienak sailkatzeko helburua dauka udalak, eta horretarako beharrezkoak diren bitartekoak ipiniko dituela aurreratu dute. «Zaldupen herriko beste hainbat gunetan egin dugun moduan, birziklatzeko gune berri bat jarriko dugu; gutxinaka bada ere, herritarrek hondakin guztiak birziklatzeko ohitura har dezaten nahi dugu».
Ez dago iruzkinik

IKUSIENAK