Gaur
2017-01-16

Ugaitz Alegriak komedia berria estreinatuko du, Glu Glu taldeagaz

Estreinaldia zapatuan izango bada ere, bihar estreinaldi aurreko emanaldia eskainiko dute Elgoibarren. HITZAk biharko saiorako sarrerak zozkatuko ditu

Ugaitz Alegria aktore ondarrutarrak Glu Glu ekoiztetxeak zapatuan estreinatuko duen Desoxirribonukleiko: ADN la vasca perfecta komedian parte hartuko du. Estreinaldia zapatuan bada ere, bihar estreinaldi aurreko saioa eskainiko dute Elgoibarko Herriko Antzokian, 20:30ean.

HITZA-k Elgoibarko emanaldi horretarako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu harpidedunen artean; zozketan parte hartzeko 94-684 44 36 telefono zenbakira deitu behar da gaur 16:00ak baino lehen.

Antzezlanaren testua Galder Perezek idatzi du, eta Eloi Beatok zuzentzen du. Aktoreei dagokienez, Alegriagaz batera ondoko aktoreek parte hartzen dute antzezlanean: Susana Soleto, Martxelo Rubio, Itziar Ituño/Leire Ucha eta Ylenia Baglietto. Jakitera eman dutenez, Ituñok eta Uchak pertsonaia bera antzeztuko dute. Izatez aktore ofiziala Ituño bada ere, beste lan batzuk tarteko, saio batzuetan Uchak antzeztuko du haren pertsonaia.

Baina Alegria ez da antzezlaneko ondarrutar bakarra. Izan ere, Iñaki Maruri aktore ondarrutarra da antzezlanaren musika zuzendaria.

Elgoibarren eta Basaurin saioak eskaini eta gero, hurrengo asteetan antzezlana ondoko herrietan egongo da ikusgai: Gernika-Lumo (urtarrilak 27 euskaraz eta urtarrilak 28 gazteleraz), Zumaia, Azkoitia, Eibar, Bergara, Hondarribia, Villabona, Muskiz, Donostia…

Sarrerei dagokienez, Kutxabanken salgai daudela azaldu dute; kutxazainetan eta Internet bidez eskuratu ahal dira.

Sinopsia

Desoxirribonukleiko genetika-laborategi batean gertatzen den komedia zientifiko musikala da. Sekretupean, euskal genoma ikertzen ari dira bertan. ADN eraldaketaren bitartez, Beñarda Etxepare sortu berri dute, lehen euskal super emakumea.

Ezkutuko proiektua primeran doanean, kazetari misteriotsu baten bisitak hankaz gora jarriko ditu ikerketa bera eta zientzialarien arteko harremanak.

Bizitzarako ikerketa lekua den horretan, zalantzan jarriko dira morala, pasioaren jatorria eta kode edo molekulez ulertzen ez duen bekaizkeria. Nahaste-borraste korapilotsuen ondorioz, egiaren eta gezurraren arteko muga desagertuko da.

Komediak umorez jorratuko du zientzia eta kantuz taularatuko ditu giza harremanak. Esketx bidez, zientzia-alorrak parodiatuko dira, eta antzerki musikalaren bidez, klonatutako pertsona, mediku, zientzialari eta beste zenbait gezurtiren arteko harreman eta gaizki ulertuak garatuko dira.

Zientziak eta maitasunak ondorioztatuko dute ezer eta inor ez dela benetan dirudien hori. Baina zalantza nagusia argitu barik geratuko da: posible ote da euskal pasioa eta harremanak genetikoki eraldatzea?
Ez dago iruzkinik

IKUSIENAK