Sareren manifestaziorako autobusak antolatu dituzte Mutriku eta Lea-Artibaitik
Autobusetan joateko aurretik izena ematea beharrezkoa da. 17:30ean Bilboko Casillatik aterako den manifestazioak askotariko eragile eta herritar ezagunen babesa jaso duZapatuan euskal presoek jasaten duten sakabanaketaren kontra Bilbon egingo den manif...
Autobusetan joateko aurretik izena ematea beharrezkoa da. 17:30ean Bilboko Casillatik aterako den manifestazioak askotariko eragile eta herritar ezagunen babesa jaso du
Zapatuan euskal presoek jasaten duten sakabanaketaren kontra Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusak daude Mutrikutik eta Lea-Artibaiko zenbait udalerritatik. Sareko kideek azaldu dutenez, Euskal Herri osotik 250 autobusetik gora joango dira Bilbora.Lekeitiarrak 15:30ean irtengo dira Mandaskatik; Guzurmendin, Galarrenan edo Elkartasun dendan eman behar da izena. Markina-Xemeingo autobus geltokitik 16:00etan aterako dira, eta herritarrek Txokoan edo Alarabin eman beharko dute izena. Mutrikuarrek 15:45ean hartuko dute autobusa biribilgunean; Zubixan eman behar da izena. Ondarrutarrak 15:30ean abiatuko dira Zaldupetik, eta Anaitasunan edo Kulixkan eman behar da izena. Ziortza-Bolibarko plazatik 15:30ean irtengo dira, eta izena emateko 608 41 47 48ra deitzeko eskatu dute. Aulestin 15:45ean hartuko dute autobusa Torrezelain; tabernetan eman behar da izena.
Aurpegi ezagunak
#Salatzen dut. Euskal Presoak Euskal Herrira leloari jarraituz 17:30ean Casillatik irtengo den manifestazioak babes zabala lortu du. Euskal Herriko askotariko eragileek bat egin dute deialdiagaz. Besteak beste, indarkeria desberdinetako biktimen babesa ere jaso du. Esate baterako, Rosa Rodero ETAren biktimak eta Karmen Galdeano GALen biktimak manifestazioan parte hartzeko dei egin dute asteon.
Besteren artean, abokatu, kirolari, musikari, kazetari zein aktore askoren atxikimendua jaso du manifestazioak. Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak zein Javier Madrazo, Gemma Zabaleta eta Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzaren sailburu izandakoek ere babestu dute. Bestalde, Ahal Duguko Pili Zabalak eta Nagua Albak Bilbon egongo direla jakitera eman dute, «maila pertsonalean».
Eguerditik jai giroa izango da nagusi Alde Zaharrean. Besteak beste, Iturribiden Xabat Galletebeitiaren eta Oihana Iguaranen bertsoekin gozatu ahalko da.