Maiatzean hondatutako Armotxerriko argiteria konpondu du Foruko Udalak
Ekaitzen ondorioz hondatu zen Foruko Armotxerri auzoan jarri berri zuten argiteria. Foruko Udalak azaldu duenez, “oso nabarmenak” izan dira ekaitzek eragindako kalteak; hori dela eta, argiteria bere osotasunean aldatzea “beharrezkoa” zen. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du; hain justu, lanen %90ekoa (5.429,08 euro).
Zenbait lineatan, fusbileetan eta kaxa elektrikoetan eragin zituzten kalteak maiatzeko ekaitzek, eta horiek “ahalik eta arinen konpontzen” saiatu da udala. Halaber, kaltetutako kale-argi bakoitzeko gaintentsioetarako babesak ere aldatu dituzte; guztira, 47.
Lan horiek eginda, argiteria berreskuratu du Armotxerri auzoak, eta Herriko Landa Inguruen Argitasuna Berritzeko Planarekiko konpromisoa berresten du. Izan ere, “herrian eraginkortasun energetikoa lortzea, igortzen den CO2 eta argi-kutsadura murriztea eta herritarrei zerbitzuak bermatzea eta horien segurtasunaren alde egitea” da aipatu planaren helburua. Plan horren baitan egin ditu udalak, esaterako, Gaitoka, San Kristobal-Urberuaga, Atxondoa eta Armotxerri auzoetako argiteria barriztapenak.