Urtarrila, Zubiaren artelanen hilabetea
Domekara bitartean, Enrike Zubia artista bermeotarraren erakusketa bisita daiteke Nestor Basterretxea aretoan. Bilboko Itsas Museoko erakusketarako egindako zenbait lan ere jarri ditu ikusgai.Bermeotar askok badakite urtarrila dela Enrike Zubia artista...
Domekara bitartean, Enrike Zubia artista bermeotarraren erakusketa bisita daiteke Nestor Basterretxea aretoan. Bilboko Itsas Museoko erakusketarako egindako zenbait lan ere jarri ditu ikusgai.
Bermeotar askok badakite urtarrila dela Enrike Zubia artista bermeotarraren lanak ikusteko hilabetea, eta aurten ere urteroko hitzorduagaz bat egin du Zubiak. Domekara bitartean bisitatu ahalko da Zubiaren erakusketa, Nestor Basterretxea aretoan; barikura bitartean, 19:00etatik 21:00etara eta zapatuan eta domekan 13:00etatik 15:00etara.Batez ere, Bermeo eta itsasoa marraztea atsegin du Zubiak, hala ere, aurtengo erakusketan Bilbo ere ikus daiteke. Bilboko Itsas Museoak antolatutako #Burdinkolorea erakusketan parte hartu zuen iaz, Ur eta lur izeneko erakusketagaz eta harako egindako zenbait lan ere ikusgai jarri ditu Bermeon. Maiatzetik abuztura, bere lana erakusteko aukera eduki zuen Zubiak, eta «pozik» dago erakusketak eduki zuen oihartzunagaz.
Hainbat tamainako lanak jarri ditu Nestor Basterretxea aretoko erakusketan bermeotarrak;, guztira, 33 margolan. «Jendeak, askotan, nahiago izaten ditu tamaina txikikoak. Prezioagatik edo lekuagatik izan daiteke», dio Zubiak. Margolan asko salgai badaude ere, horietako batzuk erakusketan erakusteko eskatutakoak direla azaldu du: «Modu horretan, aukera izaten dut sasoi batean saldutako margolan horiek berriro begi-bistan edukitzeko».
Bere margolanetan olioa erabiltzen du Zubiak. Azken aldian, baina, pintzel borobilak erabili beharrean, lauak erabiltzen ditu gahiago. «Konturatu naiz pintzel mota horregaz errazago lortzen ditudala nik gura ditudan planoak, eta gustura nabil pintzel horregaz. Horrek ez du esan gura pintzel borobila erabiltzen ez dudanik, zenbait kasutan azken ukituak emateko beharrezkoak baitira, bizitasuna emateko».
Madrilera joateko asmoa
Bermeotarrak azaldu duenez, bere lanak Madrilen (Espainia) erakustea du helburu, eta horretarako, Madrilgo Euskal Etxeagaz harremanetan ari dela esan du: «Orain dela pila bat urte beste bi bermeotarrekin batera jarri nuen han erakusketa, eta berriro ere hara joatea gustatuko litzaidake. Hala, datorren hilabetean bertara joango naiz aukerak aztertzeko».
Madrilgo Euskal Etxea «leku oso onean» kokatuta dagoela dio Zubiak, eta, batez ere, asteburuetan, bertako jende asko batzen dela dio. Madrilera, margolanez gain, zenbait eskultura eta proiektu eramango lituzke, «bere lan guztiaren lagin bat».