Udal aurrekontua aztertzeko batzorde irekia egingo dute gaur

Ziortza-Bolibar Elizateko Udalak 2018ko udal aurrekontua aztertzeko batzorde irekia deitu du gaurko.

19:00etan ipini dute ordua udaletxeko batzar aretoan, eta herritarren ekarpenak aldez aurretik eskertuz, batzarrera joateko gonbidapena luzatu diete biztanleei.

Aurtengo udal aurrekontua, diru sarrerak eta gastuak izango dituzte hizpide, eta horregaz batera herritarren proposamenak eta iritziak bilduko dituztela jakitera eman dute.

Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak adierazi duenez, urtero egiten dute batzorde irekia aurrekontuak osatu aurretik. «Gure batzarrak beti dira irekiak. Funtzionamendua hori da; herritarrekin asanblada irekiak egiten ditugu gure ideiak edota asmoak zeintzuk diren azaltzeko eta euren iritziak jasotzeko».

Udaletxe zaharra

Besteak beste, Zeinka-Ziarregi auzoan burutu nahi dituzten azpiegitura lanak izango dituzte hizpide gaurko batzarrean: «Hainbat auzotan egin ditugu hobekuntzak, eta, oraingoan, Zeinka-Ziarregirako bi aukera ditugu. Aukera horiek bertako auzotarrekin aztertuko ditugu, zer nahi duten jakiteko. Beste alde batetik, ikasturte honetan martxan jarri duten baso eskolari diru laguntza ematea ere proposatzen dugu».

Bestalde, Simon Bolibar plazan dagoen udaletxe zaharraren eraikinagaz zer egin ere aztertuko dute.

Hain zuzen, orain dela hamar bat urte proiektu bat zehaztu zuten, baina geldituta dago, eta orain proiektu hori burutu, moldatu edo beste bat egin erabakitzeko asmoa daukate. «Eraikinari zein erabilera eman nahi zaion, eta horretarako zelako proiektua gauzatu beharko litzatekeen aztertuko dugu», azaldu du Garrok.

Udal gobernuak urtean hainbat batzorde ireki deitzen ditu. Esate baterako, bi hilabeterik behin egiten dituzten osoko bilkuren aurretik, osoko bikurako gaiak aztertzen dituzte herritarrekin batzartuta.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend