Etxerat preso gaixoen inguruko konpromiso bila joan da Europarlamentura
Larriki gaixorik dauden presoen hainbat senide eta Etxerat-eko ordezkaritza Bruselan daude. Gaiari «merezi duen trataera» ematea nahi dute. 22 preso daude gaitz larri eta sendaezinekinLarriki gaixorik dauden presoen senide zuzenek eta Etxerat elkarte...
Larriki gaixorik dauden presoen hainbat senide eta Etxerat-eko ordezkaritza Bruselan daude. Gaiari «merezi duen trataera» ematea nahi dute. 22 preso daude gaitz larri eta sendaezinekin
Larriki gaixorik dauden presoen senide zuzenek eta Etxerat elkarteko kideez osatutako ordezkaritza bat Bruselara joan zen atzo. Europarlamentariekin batzeko asmoa dute, larriki gaixorik dauden euskal preso politikoen egoera mahai gainean ipintzeko.Gaiaren berri eman eta presoek bizi duten egoera salatzeaz gain, gaiari «merezi duen trataera» ematea nahi dute. «Gure asmoa, berehalako irtenbidea behar duen egoera baten berri ematea da: gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal preso politikoena. Egoeraren eta ondorioen irismena azaldu nahi diegu europarlamentariei, eta konpromiso berriak eskuratu».
Etxerat-ek gogorarazi duenez, 2015ean izan zituzten lehen harremanak hainbat europarlamentarigaz. Bisitatuko dituzten europarlamentari taldeek iazko otsailean Euskal Herria bisitatu zuten euskal presoen egoera bertatik bertara aztertzeko, eta plazaratutako txostenaren arabera, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoera izan zen gehien kezkatu zituena.
Azpimarratu dutenez, gainera, larriki gaixorik dauden presoek bizi duten egoera larria da; «ez soilik kaltetuentzat, baizik eta haien senide eta lagun guztientzat».
Gaineratu dutenez, «berez delikatua den» preso horien osasunak okerrera egiten du egunez egun, eta horien osasunaren eskubidearen gainetik, espetxe politika «berezi eta gogor baten» bizi baldintza pairatzen dituzte. «Hobera joateko edota gaixotasuna geldiarazteko aukerak tratamendua lortzeko eta mediku jarraipen egokiak lortzeko zailtasunengatik oztopatuak dira; osasun asistentzia eza, kasu askotan, isolamenduarengatik, tentsioengatik eta baita erasoengatik ere. Eta egungo legediak beraienak bezalako gaixotasun kasuetan aintzat hartzen duen askatasuna sistematikoki nola ukatzen zaien ikusten dugu».
Kopuruak gora
Euskal presoen osasun laguntzaz arduratzen den Jaiki Hadi elkarteko kideek ohartarazi dutenez, bestalde, gaur egun, 22 preso daude gaitz larri eta sendaezinekin horietatik hamarrek izenak publiko ez egiteko eskatu dute.
Jaiki Hadikoek diotenez, Euskal Preso Polilitikoen Kolektiboko kideak gutxiago izan arren, preso gaixoen kopuruak gora egin du, eta horien «egoera are eta larriagoa» da; besteak beste, haien adinagatik eta jasotzen duten tratuagatik. «Zaila izaten da mediku irizpideak lehentasuna izatea espetxeko autoritateen aurretik».