Gaur
2017-01-16

Ospitalera eraman dituzte Autzaganen istripua izan duten emakumeak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 13:20ak inguruan, auto batek eta kamioi batek talka egin dute BI-635  errepidean, 27,4 kilometroan, Gernika-Lumorako noranzkoan.

Istripu horren ondorioz, autoa trenbideraino erori da, maldan behera eginda. Ertzaintzak azaldu duenez, autoan zihoazen bi emakumeak kotxe barruan irten ezinik geratu dira. Hori dela eta, suhiltzaileak joan behar izan dira, ezbeharra gertatutako tokira. Hala, pertsona bi horiek beraien ezaguera osoan erreskatatu dituzte. 59 urteko emakumea zen bata eta Galdakaoko ospitalera eraman dute; 47 urtekoa zen, aldiz, bestea, eta Gurutzetako ospitalera eraman dute azken hori.

Ezbeharraren ondorioz, gainera, errepidea itxi egin behar izan dute, eta 15:45ak aldera ireki dute. Auto ilara handiak sortu dira, eta trafikoa Dudoleta-Montecalvorantz bideratzen aritu dira.

Tren zerbitzua ere eten egin behar izan dute, eta oraindik egoera horretan jarraitzen du; izan ere, eroritako autoa ezin izan dute oraindik bertatik atera. Ertzaintzak azaldu duenez, tamaina bereziko garabiak behar dira lan hori egiteko, altuera dezente baitago. Garabiren bat saiatu den arren, ez da posible izan. Hori dela eta, beste garabi bat ailegatu da oraintsu [17:00ak baino zertxobait lehenago] ezbeharra gertatu den lekura, autoa bertatik ateratzeko asmoz.

Ertzaintzak esan duenez, “orain ikertu egin beharko da zer gertatu den”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*


*

IKUSIENAK