Udaberrian erabaki ahal izateko lehen pausoa eman dute
Hiru batzorde sustatzaile sortuko dituzte, eta horietako kideak aukeratzeko hiru herri batzar egingo dituzte. Horietan erabakiko dute prozesuan nola parte hartuEskualdeko beste hainbat udalerriren moduan, herri kontsulta egiteko bidea hasi dute muxikar...
Hiru batzorde sustatzaile sortuko dituzte, eta horietako kideak aukeratzeko hiru herri batzar egingo dituzte. Horietan erabakiko dute prozesuan nola parte hartu
Eskualdeko beste hainbat udalerriren moduan, herri kontsulta egiteko bidea hasi dute muxikarrek. Herri kontsulta egin ala ez erabakiko dute hilabete honetan.Udaletxe aurrean batu ziren zapatu eguerdian herritarrak, eta bertan «bere buruaren indarrean» sinesten duen herriaren talde argazkia atera zuten.
Urtarrilean hiru batzorde sustatzaile (Muxika, Ibarruri eta Gorozika) sortuko dituzte, eta udalerriko Gure Esku Dago-ren kideek azaldu dutenez, batzorde sustatzaile horietako kideak aukeratzeko hiru herri batzar egingo dituzte hilabete honetan. Aipatu batzarretan erabakiko dute prozesuan zelan parte hartuko duten bai eta hura garatzeko zein egutegi komeni zaien.
Auzotarrak batuz
Herri batzarretan ahalik eta auzotar gehien batzea da asmoa, eta norbanako nahiz kirol zein kultur elkarte, talde eta jai batzordeetako ordezkariei gonbidapena luzatu diete. «Sinistu egin behar dugu ahal dugula. Gu gara herria, eta gure eskuetan dago gure etorkizuna; horretarako, sinestu egin behar dugu gure gaitasunean. Lan asko dago egiteko, baina bakoitzak esku bi ipinita, leunagoa izango da bidea».
Gaur egungo alkate eta zinegotziak zein aurreko agintaldietako udal ordezkariak gonbidatu zituzten zapatuko ekitaldira, eta ekimenaren sustatzaileek eskaera zuzena eduki zuten haientzat: «Gure asmoa boto emate hutsetik harantzago, izan gura duguna erabakitzea da. Gure asmoa ariketa demokratiko bat gauzatzea da. Bide horretan bidelagun nahi zaituztegu, gure erabakiz udal ordezkari izan zinetenok eta zaretenok».
Bertsoz girotu zuten aurkezpena, eta Gure Esku Dagoren abestia kantatuz borobildu zuten ekitaldia. Amaieran ere herritarrek beren herriaren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea ozen aldarrikatu zuten: «Ez dadila izan demokrazia lau urtez behin bakarrik zabaltzen dugun kaxa bat. Berba egin dezagun herriarentzat garrantzitsuak diren erabakiez, eta entzun diezaiogun herriari zer izan gura duen etorkizunean».