Bermeotar askok badakite urtarrila dela Enrike Zubia artista bermeotarraren lanak ikusteko hilabetea, eta aurten ere urteroko hitzorduarekin bat egin du.
Domekara arte bisitatu ahalko da Zubiaren erakusketa,
Nestor Basterretxea aretoan;
barikura bitartean, 19:00etatik 21:00etara eta
zapatuan eta domekan 13:00etatik 15:00etara.
Enrike Zubia artista bermeotarra
Batez ere, Bermeo eta itsasoa marraztea atsegin du Zubiak, hala ere, aurtengo erakusketan Bilbo ere ikus daiteke. Bilboko Itsas Museoak antolatutako #Burdinkolorea erakusketan parte hartu zuen iaz,
Ur eta lur izeneko erakusketagaz, eta harako egindako zenbait lan ere ikusgai jarri ditu Bermeon. Maiatzetik abuztura, bere lana erakusteko aukera eduki zuen Zubiak eta «pozik» dago erakusketak eduki zuen oihartzunagaz.
Tamaina ezberdineko lanak jarri ditu Nestor Basterretxea aretoko erakusketan bermeotarrak;
guztira, 33 margolan. «Jendeak, askotan, nahiago izaten ditu tamaina txikikoak. Prezioagatik edo lekuagatik izan daiteke», dio Zubiak. Margolanetako asko salgai badaude ere, horietako batzuk erakusketan erakusteko eskatutakoak direla azaldu du.
Bere margolanetan
olioa erabiltzen du Zubiak. Azken aldian, baina, pintzel borobilak erabili beharrean, lauak erabiltzen ditu gehiago. «Konturatu naiz pintzel mota horrekin errazago lortzen ditudala nik gura ditudan planoak, eta gustura nabil pintzel horrekin. Horrek ez du esan gura pintzel borobila erabiltzen ez dudanik. Zenbait kasutan azken ukituak emateko beharrezkoak dira, bizitasuna emateko», azaltzen du.
Herritar bat Zubiaren margolanak ikusten
Madrilera joateko asmoa. Bermeotarrak azaldu duenez, bere lanak Madrilen erakustea du helburu, eta horretarako,
Madrilgo Euskal Etxeagaz harremanetan ari dela esan du: «Orain dela pilo bat urte beste bi bermeotarrekin batera jarri nuen han erakusketa, eta berriro joatea gustatuko litzaidake. Hala, datorren hilean bertara joango naiz aukerak aztertzeko».
Madrilgo Euskal Etxea «leku oso onean» kokatuta dagoela dio Zubiak, eta, batez ere, asteburuetan, jende asko batzen dela dio. Madrilera, margolanez gain, zenbait eskultura eta proiektu eramango lituzke, «bere lan guztiaren lagin bat».
Zubiaren zenbait lan