Eskualdeko beste hainbat udalerriren moduan herri kontsulta egiteko bidea hasi dute muxikarrek. Herri kontsulta egin ala ez erabakiko dute hilabete honetan.
Udaletxe aurrean batu dira eguerdian herritarrak. Horrela, “bere buruaren indarrean” sinesten duen herriaren talde argazkia atera dute.
Urtarrilean hiru batzorde sustatzaile (Muxika, Ibarruri eta Gorozika) sortuko dituzte, eta udalerriko Gure Esku Dagoren kideek azaldu dutenez, batzorde sustatzaile horietako kideak aukeratzeko hiru herri batzar egingo dituzte hilabete honetan. Aipatu batzarretan erabakiko dute prozesuan zelan parte hartuko duten, eta baita hura garatzeko zein egutegi komeni zaien.
Herri batzarretan ahalik eta auzotar gehien batzea da asmoa, eta norbanako nahiz kirol zein kultur elkarte, talde eta jai batzordeetako ordezkariei gonbidapena luzatu diete. “Sinistu egin behar dugu ahal dugula. Gu gara herria, eta gure eskuetan dago gure etorkizuna; horretarako, sinestu egin behar dugu gure gaitasunean. Lan asko dago egiteko, baina, bakoitzak esku bi ipinita, leunagoa izango da bidea”.
Besteak beste, gaur egungo alkate eta zinegotziak zein aurreko agintaldietako udal ordezkariak gonbidatu dituzte eguerdiko ekitaldira, eta ekimenaren sustatzaileek eskaera zuzena izan dute haientzat: “Gure asmoa, boto emate hutsetik harantzago, izan gura duguna erabakitzea da. Gure asmoa, ariketa demokratiko bat gauzatzea da. Bide horretan bidelagun nahi zaituztegu, gure erabakiz udal ordezkari izan zinetenok eta zaretenok”.
Gaur egungo alkate eta zinegotziek zein aurreko agintaldietako udal ordezkariek haien babesa eman dute.
Bertsoz girotu dute gaurko aurkezpena, eta Gure Esku Dagoren abestia kantatuz borobildu dute ekitaldia. Amaieran ere herritarrek beren herriaren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea ozen aldarrikatu dute: “Ez dadila izan demokrazia lau urtez behin bakarrik zabaltzen dugun kaxa bat. Berba egin dezagun herriarentzat garrantzitsuak diren erabakiez, eta entzun diezaiogun herriari zer izan gura duen etorkizunean”.
Herri batzarrak:
- Urtarrilak 20: Ibarruriko txokoan, 19:00etan.
- Urtarrilak 21: Gorozikako , 19:00etan.
- Urtarrilak 26: Ariatzako eskoletan, 19:00etan.