Zeropeko tenperaturei beldurrik ez dietela erakutsi dute gaur gernikarrek Abixada proban. Seigarren urtez egin dute euskararen aldeko proba, eta martxetan eta krosean ehundik gora herritarrek parte hartu dute.
Ume, gazte zein helduk bat egin dute Udal Kirol Patronatuaren, Gernika-Lumoko Euskera Sailaren, Gernika Atletismo Taldearen eta Goi-Zale mendi taldearen deialdiagaz.
Goiztiarrenak 09:00etan elkartu dira Merkurio Iturriaren parean, eta Gernika-Lumo, Ajangiz, Mendata eta Arratzu udalerrietatik 16 kilometroko ibilbidea burutu dute. 48 herritarrek parte hartu dute mendi martxa luzean.
Bi ordu beranduago ekin diote bideari mendi martxa laburreko 53 partaideek. Horiek, Lumorako bidea hartuta, Aixerrotaraino joan dira.
Bestalde, eguerdian egin dituzte helduen eta umeen herri krosak. Ibilgailuen joan-etorrian oztoporik ez eragiteko aurten ez dute 6 kilometroko krosa egin, eta beraz, gazte zein helduek 4 kilometro egin dituzte korrika. 65 herritarrek parte hartu dute nagusien proban, eta bestean, 48 umek egin dute arineketan.