«Gogotsu» eta «indartsu» ekin diote urteari Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkartekoek.
Adin guztietako emakumeengana iritsi gura dute, eta lortzen ari direla diote. Horregatik, horiei guztiei zuzendutako egitaraua prestatzen saiatzen direla azaldu du elkarteko presidente Mari Jose Lopezek. Bazkiderik gazteenak 22 urte ditu, eta, zaharrenak, 92 urte; guztira, 410 bazkide dauzka elkarteak.
Autodefentsa feminista ikastaroa, iaz
2017ko lehenengo hiruhilekorako egitaraua ia prest dute, eta eskaintza zabala eskainiko dute, datorren astetik hasita.
Lehenik, emakumeen zine zikloari amaiera emango diote datorren astean,
hilaren 12an.
Urtarrilaren 14an, berriz, iaz egin modura,
autodefentsa ikastaroa emango dute. Egun osoko ikastaroa izango da, eta
adin guztietako emakumeak batu gura dituztela azaldu dute. «Garrantzitsua da emakumeek
ez esaten jakitea,
ez esaten denean ezetza delako. Autodefentsa feminista ikastaroa, beraz, hori lantzera zuzenduta dago eta ekintza ezberdinak egingo dituzte horretarako», dio Lopezek. Parte hartu gura duenak
zabalik du izena emateko epea. Erroxapek Erreten parkean duen egoitzara joanda edota 94-605 84 44 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena.
Bestalde, zine zikloa atzean utzita, hitzaldi ziklo bategaz hasiko dira urtarrilean bertan. Oraingoan,
emakumea eta osasuna landu gura dituzte
hitzaldi ziklo baten bitartez. Urtarrilean 26an hasi eta otsailaren 16ra bitartean,
lau hitzaldi eskainiko dituzte. Aipatu zikloa,
bereziki, hirugarren adinekoei zuzenduta dagoela diote: Sexualitatea, zaintza eta elikadura landuko dituzte, besteak beste.
Hirugarren adinekoei zuzendutako zikloa bada ere, ateak zabalik egongo dira gura duten horientzako. «Esaterako, elikaduraren inguruko hitzaldia oso interesgarria izan daiteke edozein emakumerentzat, adina kontuan izan barik», dio elkarteko presindenteak.
Hitzaldi guzti horiek 18:30ean hasiko dira,
Erroxape elkartearen egoitzan.
Erroxape elkarteko zenbait kide egitarauaren berri ematen
Emakumea eta osasuna jardunaldien baitan, maitasun erromantikoaren eredutik ateratzeko alternatibak zeintzuk diren azalduko ditu Estibaliz de Miguel soziologoak; «askotan maitasunaren irudi desitxuratu bat daukagu», diote elkarteko kideek. Hala, maitasun erromantikoak emakumeen osasunarengan zelan eragiten duen azalduko du De Miguelek Bermeon.
Bestalde, nork bere burua zaintzeak osasunean sor ditzakeen eragin sakonak aztertzeko aukera ere edukiko dute, Itziar Cantera soziologoagaz batera.
Sexualitatea ere izango dute hizpide. Saioa Hernandez sexologoaren eskutik ikasi ahalko dute sexualitateak gorputz guztiari eragiten diola, eta ez soilik sexu-organoei. Sexualitatea adin guztietako errealitate bat dela azalduko du, ernalketarekin hasi eta heriotzarekin amaitzen dena. Era berean, zoru pelbikoa lantzeko ariketen berri emango duela zehaztu dute.
Azkenik, elikagai aproposen bidez gaixotasunak saihestu daitezkeela azalduko du Kristina Perez dietistak. Elikagai osasuntsuak bereizten, etiketa nutrizionalak interpretatzen eta kontsumo estrategietatik ihes egiteko oinarriak irakatsiko dizkie jardunaldietako parte hartzaileei.
Aitona-amonei omenaldia. Martxoaren 8aren asterako ere hainbat gauza antolatu dituzte. Aurten, diotenez, aste horretan aitona-amonak omendu gura dituzte, ekintza ezberdinen bitartez. «Gaur egun, aiton-amonek lan handia egiten dute, eurena ez ezik, askotan seme-alaben etxeen ardura ere izaten baitute. Horregatik, omenaldi bat egin gura diegu», azaldu dute.
Narrazio laburren lehiaketako iazko irabazleak
Urtero legez, gainera, martxoaren 8ra begira,
narrazio laburren lehiaketa ere antolatu dute. 18 urtetik gorako edozein gizon zein emakumek parte hartu ahalko du, eta kontakizunak
euskaraz zein gazteleraz izan daitezke. Hizkuntza bakoitzeko bi lanik onenak sarituko dituzte, martxoaren 9an elkartearen egoitzan egingo duten sari banaketa ekitaldian.
EGITARAUA:
Urtarrilak 12. Eguena.
19:00. Emakumeen zine zikloko azken filma:
Buda exploto de Verguenza. Ondoren, solasaldia Mugimendu Feministako Izaskun Guarrotxenagaz.
Urtarrilak 14. Zapatua.
10:00-14:00/16:00-20:00. Autodefentsa Feminista ikastaroa, Emagin elkartearen eskutik.
Urtarrilak 20. Barikua .
19:45. Pilar del Reyk senipartekoei eta testamentuei buruzko azalpenak emango ditu Erroxaperen egoitzan.
Urtarrilak 26. Eguena .
18:30.
Amor Romantico hitzaldia. Hizlaria: Estibaliz de Miguel, EHUko irakaslea.
Otsailak 2. Eguena.
18:30. Emakumea eta Zaintza hitzaldia: Emakumeen denbora. Hizlaria: Itziar Cantera, soziologoa eta psikologo klinikoa.
Otsailak 9. Eguena.
18:30. Emakume helduen gorputzak eta sexualitatea hitzaldia: Desira eta zoru pelbikoa. Hizlaria: .Saioa Hernandez, sexologoa, psikologoa eta berdintasun teknikaria.
Otsailak 16. Eguena.
18:30. Emakumea eta elikagaiak hitzaldia: Emakumearen osasunaren autogestioa elikagaien bitartez. Hizlaria: Kristina Perez dietista eta nutrizionista.
Martxoak 9. Eguena.
Narrazio laburren lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo dute Erroxaperen egoitzan. Egun berean, sariak banatu orduko, Pilar Kareaga idazlea gaur egungo aiton-amona asko eta askok bizi duten egoeraz ariko da.