2016. urtea errekor berriagaz bukatu du Gautegiz Arteagan kokatuta dagoen Urdaibai Bird Centerrek; izan ere,
inoiz baino bisitari gehiago jaso ditu:?34.280, hain zuzen. Hala, 2015ekoagaz alderatuta,
bisitari kopuruak %22,34 egin du gora.
2016an, 34.280 bisitari jaso ditu Urdaibai Bird Centerrek. Argazkia: Urdaibai Bird Center.
Gorakada horretan, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroatik etorritako lagunek dute zerikusi handia; izan ere, horiek izan dira bisitarien artean gailendu direnak (%62). Espainiatik ere hainbat etorri dira; bisitarien %25, alegia. Eta Europako gainontzeko herrialdeetatik Frantziakoak izan dira ugarienak. Erresuma Batutik eta Alemaniatik ere, lagun asko bertaratu dira Gautegiz Arteagako zentrora.
Bestalde, nabarmentzekoa da zentrotik igaro den
ikasleen kopurua, 2015egaz alderatuta,
gorakada handia (%39) izan baita; hain justu, 3.322 izan dira zentrora bertaratutako ikasleak.
Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean kokatuta dago Bird Center, eta horrek hegazti migratzaileez eta beraien migrazioez «edozein sasoitan» gozatzea ahalbidetzen du.
Iaz, esaterako, 200 bat hegazti espezie behatzeko aukera izan zen: arrano arrantzalea, mokozabala eta zezen-txoria, kasuan kasu.
Behatzeko baliabideak
Halaber, zentrotik ez ezik, norbere etxetik zein bestelako leku batetik hegazti horiek ikusteko aukera aprobetxatu dutenak ere izan dira:?142.617 pertsona, hain justu. Horiek Bird Centerrek herritarren eskura jartzen dituen baliabideak (kamarak, esaterako) erabilita behatu dituzte hegaztiok.