Arantza Zuluetaren hiru urteko isolamendua salatuko dute Bilbon
Areatzatik abiatuko da, bihar, 18:00etan, Arantza Zulueta abokatuaren egoera salatzeko Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioa. Etzi beteko ditu hiru urte bakartuta Zuluetak, eta abokatuaren alde sortutako plataformak egin du deia. Lekeitioko l...
Zulueta 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zuten Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bitartekaritza taldearen kontra eginiko polizia operazio batean, eta gaur egun, operazio hartatik Arantza Zulueta da behin-behineko espetxealdian jarraitzen duen pertsona bakarra.
Zuluetak espetxean daramatzan hiru urteak isolamenduan pasatu ditu, gainera. 2015eko martxoan Estremerako (Madrid) espetxetik Puerto IIIra (Cadizera) urrundu zuten, eta, ordutik, «bakartze egoera latzenetariko bat» jasaten ari dela salatu dute behin eta berriz, bere lagun eta senideek: «Ezin du inolako jarduerarik egin, eta soilik lau orduz eta bakar-bakarrik irten ahal du oso txikia den patio batera, zapaian itxita dagoenera. Ziegan izan ditzaketen gauzak mugatu dizkiote, eta ezin du inolako kontakturik izan beste presoekin».
Hori dela eta, Arantza Zuluetaren askatasuna exijituko da etzi, Isolamendurik ez! Arantza askatu! lelopean.