Abixadan egingo dute zapatuan Gernika-Lumon, euskararen alde
Euskararen alde, oinez eta korrika egingo dute zapatuan Gernika-Lumon, ume zein helduek. Abixadan ekimenaren seigarren edizioagaz bat eginda, herri krosean zein mendi martxan parte hartzeko aukera egongo da.
Udal Kirol Patronatuaren eta Gernika-Lumoko Euskera Sailaren laguntzagaz, Urdaitri herriko triatloi taldeak eta Goi-Zale mendi taldeak antolatzen duten ekimenean 500 lagun baino gehiago bildu gura dituzte aurten; izan ere, aurreko edizioetako marka gainditzea dute helburu.
Herri krosean zein mendi martxan parte hartzen dutenek Pasealekua izango dute elkartze-puntua; bertatik hasi eta amaituko baitira ibilbideok.
Lehenak, martxa luzekoak
Mendi martxa egitera animatzen direnak izango dira irteera puntutik ateratzen lehenak; 09:00etan hasiko dute bidea, hain zuzen ere, 18 kilometroko ibilbide luzea –4 ordukoa gutxi gora-behera– egiteko erabakia hartzen dutenek. Horiek honako ibilbidea egin beharko dute: Pasealekua – Kanpantxu – Andrabaso – Elosu Azpia – Lamikiz Elexalde – Zarrabenta – Loiola – Belendiz – Elorriaga – Barrutia – Pasealekua.
Bi ordu beranduago aterako dira, berriz, zazpi kilometroko martxa laburra –bi ordukoa gutxi gora-behera– egin nahi dutenek. Honakoa izango da egin beharko duten bidea: Pasealekua-Kanpantxu-Andrabaso-Elosu Azpia-Estillotza-Arestieta-Pasealekua.
Herri kroseko parte hartzaileek, ostera, 12:00etan izango dute hitzordua. Hain zuzen, ordu horretan 2,4 kilometroko edo 6 kilometroko lasterketan parte hartuko dutenak elkartuko dira irteera puntuan. Ibilbide laburrean lasterketa egiteko aukera ere izango dute, azkenik, umeek. 12:45ean hasita, 500 metroko ibilbidea izango dute egiteke.
Informazio gehiago
Informazio gehiago gura dutenek Santanape kiroldegian edota zapatuko irteera puntuan bertan eskuratu ahalko dute.