Eusko Jaurlaritza hasi da moilako etxeetako konponketa lanak egiten
Urrian hastekoak ziren beharrak orain hasi dira, Gabon inguruan. Aldamioa ipini dute Nasa kalean, eta momentu honetan egitura egonkorra den edo ez ari dira ikuskatzen2007an Eusko Jaurlaritzak Ondarroako moilan egindako lanek Nasa, Kaleandi eta Kantoipe...
Urrian hastekoak ziren beharrak orain hasi dira, Gabon inguruan. Aldamioa ipini dute Nasa kalean, eta momentu honetan egitura egonkorra den edo ez ari dira ikuskatzen
2007an Eusko Jaurlaritzak Ondarroako moilan egindako lanek Nasa, Kaleandi eta Kantoipe kaleetako etxe eta etxebizitzetan eragindako kalteak konpontzeko lanak urrian hastekoak baziren ere, beranduago hasi dira. Kantoipe kaleko 2 eta 4 atarietan, esate baterako, Gabonen inguruan egin zituzten fatxadak kanpotik konpontzeko hainbat lan, eta orain, Nasa kaleko 13, 15, 17, 19 eta Kaleandi 1 eta 7ko fatxadak konpontzeko lanekin hasi dira. Zehazki, astelehenean, aldamioaren zati bat ipini zuten Nasa kaleko 19. atariaren parean.Hain zuzen ere, aldamioa ipintzeko lanekin hasi dira Nasa kalean. Momentuz, zati batean ipini dute aldamioa, eta atzo aldamioa ipintzen ari den enpresako arduradunak egon ziren aldamioa ikuskatzen. Izan ere, aldamioaren egitura egonkorra dela egiaztatu behar da, eta hori ikuskatzen ibili ziren arduradunak.
Eskatu baino arinago
Aldamioak ipini ostean, berriz, etxeen fatxadak eta etxebizitzen eta lokalen barruko aldeak konponduko dituzte. Kaltetuek adierazi dutenez, etxebizitzetan eta lokal barruetan egin beharreko beharrak datorren astelehenean hastekotan badaude ere, ez dute horren inguruko jakinarazpenik; «oraingoz ez digute ezer esan».
Auzoko dendariek adierazi dutenez, beste alde batetik, Jaurlaritza lanekin hastea «berri oso pozgarria» da. Dena dela, dendariak kexu dira lanak eurek eskatu baino arinago hasi direlako; «aldamioa Gabon jaietan bete-betean ipintzen hasi dira».
Diotenez, urrian hasi behar ziren lanekin, baina Gabon bueltara atzeratuko zirela jakin zuten batzar batean. Hori jakinda, data zer edo zer atzeratzea eskatu zuten. «Lanak lehenbailehen amaitzea nahi dugu, baina atzeratu egingo zirela jakinda, beranduago hasteko eskaera egin genuen. Urte sasoi honetan izaten ditugu salmenta gehienak, eta aldamioak erakusleiho aurrean ipinita edukitzeak kalte egingo zigunez, aldamioa beranduago ipintzeko eskatu genuen».
Dendariek jakin ahal izan dutenez, lanak datorren astelehenean hastekoak baziren ere, arinago hasi dira egitura ipintzen. «Arduradunek esan digutenez, lanak aurrerago hasteko agindua jaso dute, eta horregatik hasi dira astebete lehenago».
Nasa kaleko 13, 15, 17 eta 19, Kaleandi 1 eta 7 eta Kantoipe kaleko 2 eta 4ko eraikinen fatxadak eta barrualdeak konpontzeko lanei dagokienez, horiek Jaurlaritzak agindu ditu, eta 597.309,14 euroko aurrekontua daukate. Jaurlaritzak adierazitakoaren arabera, eraikinen fatxadak konpontzeko kanpoko lanetarako 211.300,22 bideratuko dituzte, eta gainontzekoa etxebizitza barrualdeak konpontzeko barneko lanetarako bideratuko dute.
Jaurlaritzak, bestalde, bi enpresa kontratatu ditu lanak egiteko: Zamakoa Eraikuntzak SA eta Bycam Eraikinak eta Azpiegiturak SL. Eraikinen fatxadak konpontzeko kanpoko obrak Zamakoa Eraikuntzak SAk egingo ditu, eta etxebizitza barrualdeak konpontzeko barneko obrak, ostera, Bycam Eraikinak eta Azpiegiturak SL enpresak.