Gaur
2017-01-16

Dispertsioaren kontrako mendi martxa egingo dute Gernika-Lumon, hilaren 29an

Martxa luzea zein laburra eta lasterketa egiteko aukera egongo da. Parte hartzeko asmoa dutenek, dagoeneko izena eman dezakete www.herrikrosa.eus atarian. Proba eguna baino hiruzpalau egun lehenago itxiko dute aldez aurretik izena emateko epea.

Aldez aurretik izena ematen duten federatuek 6 euro ordaindu behar dituzte, eta federatu barik daudenentzat, ostera, 8 euroko prezioa ipini dute. Halaber, 10 urtetik beherakoentzat doakoa izango da.

Egunean bertan ere izena emateko aukera egondo da 08:30etatik aurrera, eta orduan 10 euro ordaindu beharko dituzte federatuek zein federatu gabeek.

Martxa luzeko zein lasterketako partaideek 15 kilometroko ibilbidea (679 m-ko desnibel positiboagaz) burutuko dute. Mendi martxa luzeko partaideak 09:30ean irtengo dira Pasealekutik, eta korrikalariek, berriz, 10:30ean dute irteera-ordua.

Bestetik, 10:00etan irtengo dira mendi martxa laburra egitera doazen herritarrak, eta horientzat 6,5 kilometroko ibilbidea (361 m-ko desnibel positiboagaz) prestatu dute.

Lehenengoz egingo dute proba, eta 150 pertsona inguru batzea espero dute antolatzaileek: “Dagoeneko izena eman dutenen artean, eskualdetik kanpokoak dira gehienak, eta beraz, bertoko herritarrei parte hartzera animatzeko deia luzatzen diegu. Kirola eginez, euskal presoek jasaten duten sakabanaketa salatzea da helburu nagusia, eta elkarrekin egun polita pasatu gura dugu”.

Irabazleentzat sariak egongo dira, eta parte hartzaileen artean zozketa ere egingo dutela jakitera eman dute. Gainera, parte hartzaileei tabernetan pintxoak jateko txartelak banatuko dizkiete.

Bestalde, probak amaitzean, martxen zein lasterketen partaideek kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*


*

IKUSIENAK